Publicador de contenidos

Atrás Datorren astelehenean jarriko dira martxan Kalezarko autobus geltoki berriak eta igogailuak

Abuztuaren 5etik aurrera, Kalezarko autobus geltoki berriek eta igogailuek modu irisgarrian lotuko dute autobus zerbitzu publikoa Egurtzegirekin, Kalezarrekin eta Ugartondorekin. Aurrekontu osoa 1,6 milioi euro ingurukoa izan da: udalak 480.000 euro jarri ditu, hiru urtetan banatuta, eta gainerakoa Matiak hartu du bere gain. Udalaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Matiaren arteko elkarlanari esker gauzatu ahal izan dute proiektua.

30·07·2024


Datorren astelehenean, abuztuaren 5ean, jarriko dira martxan Kalezarko autobus geltoki berriak eta igogailuak: modu horretara, aurrerantzean, N634 errepideko oina, Egurtzegi zaintzadun etxebizitzen auzunea eta Kalezar auzoa modu irisgarrian lotuko dira. Lanak amaituta eman dute albistearen berri Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Gerardo Amunarriz Matiako zuzendari orokorrak.

Matia, mendekotasuna duten pertsonentzako arretaren esparruan, pertsonak ardatz dituen arreta ematera bideratutako egoitza eredua bultzatzen ari da, etxearen edo “etxean bezala” kontzeptutik pertsonen beharretara hurbilduz. Premian dauden pertsonei ostatua eskaintzen die Egurtzegin, Kalezarren eraiki duten zaintzadun etxebizitzen auzunean: etxebizitza txikiz osatutako gerontologia zentroa da, iazko uztailean inauguratu zena. Eredu hori osatzeko, gainera, auzunean integratu dute Usurbilgo Eguneko Zentroa ere.

Orain arte, Kalezarrek bazituen garraio publikoarentzako geralekuak N634 errepidean, baina ez ziren irisgarriak. Geltoki berriak metro batzuetara eraiki dituzte, auzunearen oinean bertan egon daitezen, bien arteko 22 metroko desnibela gaindituko duten bi igogailuekin eta eskailerekin batera. Geltoki zaharrek eta berriek, dena den, elkarri lotuta jarraituko dute, segurtasunagatik. Zebra bide berria margotu dute, eta semaforoak eskaripekoak dira: botoiari emanda aktibatzen dira.

Hasieratik garbi izan dute Egurtzegik irisgarritasun unibertsala ziurtatua izan behar zuela, baina gehiegizko aurrekontuak kolokan jarri zuen proiektu osoaren bideragarritasun ekonomikoa, eta, ondorioz, bi fasetan egitea erabaki zuten: auzunea lehenengo, eta geltoki berriak eta igogailua, finantzazioa lortutakoan. Iaz, finantzaketa lotu ostean, proiektua idatzi zuen Matiak berak, auzunearekin erabat integratzeko helburuarekin, eta hura izan da obraren bultzatzailea. Igogailuen inpaktu bisuala ahalik eta txikiena izan dadin saiatu dira, horretarako, bi igogailu eginez, eta materialak ere tentuz aukeratu dituzte, auzunearen estetika bera izan dezaten.

Ardurak eta finantzazioa

Obren kostua 1,6 milioi eurotik gorakoa izan da. Udalak 480.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu zuen, Egurtzegiri ez ezik Kalezarri eta Ugartondori egiten dien onuragatik, hiru urtetan banatuta, azken urtea 2024a izanik. Aurrekontuaren gainerakoa Matiaren ardura izan da, baita sor daitezkeen ezustekoak finantzatzea ere; Europako funtsetatik 700.000 euroko laguntza jaso zuten iaz, eta proiektua gauzatzeko bultzada garrantzitsua izan zen. Igogailuen zein geltokien mantentze-lanak udalaren gain geldituko dira orain.

Solaberrietak proiektu honek Usurbilentzat duen garrantzia nabarmendu du: “Egurtzegiren mugikortasun jasangarria bermatzeaz gainera, proiektu estrategikoa da Kalezar eta Ugartondoko eremuarentzat ere, nabarmen hobetuko dituelako garraio publikoa sustatzeko baldintzak: azpiegitura sozial garrantzitsua da herriarentzat”. Irisgarritasuna bermatzeak, hain zuzen ere, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei garraio publikoa erabiltzeko aukera emango die orain: “Lehen, ezinezkoa zuten”. Amunarrizek, bere aldetik, udalaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Matiaren arteko elkarlana nabarmendu du: “Elkarlanak berebiziko garrantzia du horrelako proiektuak garatu ahal izateko”.