Publicador de contenidos

Atrás Datorren astean brigadako lan anitzetarako operario gisa lan egiteko enplegu eta formazio programaren deialdia abiatuko da

Beterri-Buruntzako enplegu planaren barruan, udal brigadetan operario gisa lan egiteko formazioa jaso eta lanaldi osoko lanpostuak eskainiko dira, bost hilabeterako: Usurbilen kasuan, bi lanpostu izango dira. Lanbidek kudeatuko ditu eskaerak: urriaren 7an irekiko da izena emateko epea.

01·10·2024


Beterri-Buruntzako udalek martxan jarri dute brigadako lan anitzetarako operario gisa lan egiteko enplegu eta formazio programa: herriko langabetuak lan merkatuan txertatzea da helburua. Usurbilen kasuan, lanaldi osoko bi lanpostu eskainiko dira, bost hilabeterako, aurtengo abenduan hasi eta 2025eko maiatzera arte. Lanbidek kudeatuko ditu programan parte hartzeko eskaerak: urriaren 7an irekiko da izena emateko epea.

Programak, aurten, bi zati izango ditu: formazioa eta enplegua. Batetik, EAGI Gipuzkoako Eraikuntzako Lanbide Eskolak prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskainiko du, Lasarte-Oriako bere zentroan, azaroaren 4tik abenduaren 13ra bitartean. Bestetik, prestakuntza gainditzen dutenek udal brigadetan lan egiteko aukera izango dute, abendutik maiatzera arte.

Programa, batik bat, Usurbilen bizi diren pertsona langabetuei zuzendua dago, eta bi lanpostuetako bat emakumeentzat izango da. Parte hartu ahal izateko hiru baldintza bete behar dira: Lanbiden lan eskatzaile gisa izena emanda egotea, Usurbilen erroldatuta egotea eta 2023an programa honen edo gazte enpleguko programaren onuradun ez izatea. Urriaren 7an bertan banatuko da, etxez etxe, programaren xehetasunak azaltzen dituen eskuorria.

Beterri-Buruntzaren enplegu plana Lanbidek diruz lagundua da, eta horrek kudeatuko ditu izen-emateak: urriaren 7tik aurrera eman ahal izango da izena, Lanbideren Enplegu atalean.

Informazio gehiago: Usurbilgo Udaleko Enplegu saila (943 371951 / enplegu@usurbil.eus)

Eskuorria deskargatzeko: hemen.