Publicador de contenidos

Atrás Dagoeneko 129 boluntario daude Herritarren Babes Sarean

Lanean hasi da Herritarren Babes Sarea: bi zerbitzu egin dituzte martxan jarri denetik. Udaletxean jasotzen ari diren dei gehienak boluntario gisa lan egin nahi duten herritarrenak dira.

17·03·2020


Dagoeneko 129 usurbildarrek eman dute izena boluntario gisa Herritarren Babes Sarean. Martxan ere hasi dira: bi laguntza eskaera izan dira, eta horiei zerbitzua eman diete. Dei asko ari dira jasotzen Herritarren Babes Sarean, gehienak, boluntario gisa lan egin nahi duten herritarrenak. Parte hartzeko biderik laburrena horretarako prestatutako Whatsapp taldean sartzea da: udalaren sare sozialetan topa daiteke lotura.

Herritarrek zenbait baldintza bete behar dituzte boluntario gisa lan egin ahal izateko. Batetik, sukarrik, ahuleziarik, buruko minik edo bestelako sintomarik ez izatea. Bestetik, covid19 birusa izan duen edo harekin kontaktua izanagatik isolatuta dagoen pertsonaren batekin harremanetan egon ez izana. Arrisku taldetzat hartutako herritarrek ezingo dute parte hartu. Erosketak egingo dituen pertsonak ez du harreman zuzenik izango zerbitzuaren hartzailearekin. Erosketak egin aurretik ezinbestekoa izango da boluntarioek eskularruak janztea: udaletxea itxita egon arren, Joxe Mari Sagardia plazako sarreran eskuragarri daude. Bukatuko balira, boluntarioak eskuak garbituko ditu erosketak egin aurretik eta ondoren.

Neurri horiek guztiak biltzen dituen protokoloa atera dute (behean). Zerbitzu bakoitzean eman beharreko pausoak zerrendatu dituzte bertan, martxan jartzen denetik amaitu arte boluntarioek zein laguntza eskatzaileek jarraitu beharrekoak. Erosketez gain, eta prebentziozko distantzia mantenduz, laguntza eskatu duenari zer moduz dagoen galdetuko dio boluntarioak: hala, behar bereziren bat badu, boluntarioak harremanetan jarriko ditu zerbitzuaren hartzailea eta udaleko gizarte zerbitzuetako arduraduna.

Ordainketei dagokienez, boluntarioek ordainduko dituzte erosketak (gehienez ere, 50 eurokoak izango dira), txartelarekin. Fakturaren bi tiket eskatuko ditu: bata erosketen poltsari grapatuko dio, zerbitzuaren erabiltzaileak zenbat balio izan duen jakin dezan, eta beste kopia boluntarioak jasoko du. Boluntarioak zerbitzua eman duela konfirmatu beharko du 688 634 512 telefonora Whatsapp mezu bat bidalita, zein den eta erosketaren prezioa adieraziz. Dena pasatzen denean ordainduko dute erabiltzaileek boluntarioei zor dietena. Aukera dutenek, Bizum, Paypal edo beste moduren batera ordain diezaiekete boluntarioei. Horrela, dendariek momentuan kobratuko dutela bermatuko dute, eskudirurik erabili gabe.