Publicador de contenidos

Atrás Buruntzaldeko Ibilbideen 12. Eguna egingo dute hilaren 13an

Bost ibilbide izango dira aukeran, inguru hurbileko paisaiez gozatuz kirola egiteko: 08:00etatik 14:00etara izango da.

04·10·2019


Buruntzaldeko Ibilbideen 12. Eguna izango da urriaren 13an, igandean: bost ibilbide izango dira aukeran. Ibilaldiok ez dira lehiatzeko pentsatuak: edozeinek egiteko modukoak dira, inguru hurbileko paisaiez gozatuz, bide batez, kirola egiteko. Herrietan ibilbide zati bakoitzaren inguruko xehetasunak erakusten dituzten panelak daude: aurten berritu egin dituzte, gainera. Bideetan, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak daude, eta seinale horiek guztiek udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak dituzte (Lasarte-Oria, urre zaharra; Urnieta, berdea; Usurbil, laranja; Andoain, urdina).

Bost ibilbide daude aukeran. Andoaindik Lasarte-Oriara (Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda), Andoaindik Urnietara, Andoaindik Usurbilera, Lasarte-Oriatik Urnietara, edo Lasarte-Oriatik Usurbilera edo Aginagara.

 

Herri bakoitzean kontrol gune bat egongo da (Usurbilen bi), argibideak emateko eta jan-edana banatzeko:

Usurbilen: Santuenean (Zorrotzeko zubiaren parean) eta Aginagan (Mapil inguruan)

Andoainen: udaletxe azpian

Lasarte-Orian: San Pedro elizaren ondoko plazan

Urnietan: udaletxe azpian

Telefonoan Navi Ruta aplikazioa deskargatuz gero, sistemak modu jarraituan ematen du ibilbideari buruzko informazioa. Partaide bakoitzak txartel bat jasoko du irteerako herriak zigilatuta, abiatzen denean. Norbaitek bi ibilbide eginez gero, oroigarri moduan, kantinplora txiki bat jasoko du opari. Salbuespen bezala, Andoaindik Lasarte-Oriara edo Andoaindik Usurbilera egiten dutenek ere bana jasoko dute (egiten duten norabidean eginda ere). Itzulerarako autobus zerbitzua ere egongo da, Aginagatik abiatuta:

Aginaga Usurbil Lasarte-Oria Andoain Urnieta
Ezpaldiko gasolindegia San Inazio biribilgunea Dorretxeko biribilgunea Goiko plazaren atzealdean Kiosko geltokian
12:00 12:07 12:15 12:30 12:40
13:00 13:07 13:15 13:30 13:40
14:00 14:07 14:15 14:30

14:40

 

 

Buruntzaldeko Udalen kirol zerbitzuek antolatu dute eguna, hainbat elkarte eta erakunderen laguntzarekin: Usurbilgo Andatza mendi elkartea, Andoaingo Euskalduna mendigoizale elkartea, Lasarte-Oriako Ostadar SKTren mendizaleen saila, Super Amara eta Eusko Jaurlaritza. Informazio gehiago nahi izanez gero, Buruntzaldeko kiroldegietara deitu daiteke.