Noticias
Atrás

Brigadan bost hilabetez lan egiteko lau lanposturen eskaintza

Herriko langabetuak lan merkatuan txertatzeko helburuarekin, abendutik maiatzera lanaldi osoko lau lanpostu betetzeko eskaintza egin du Usurbilgo Udalak. Aurreikuspenen arabera, astelehenean irekiko da izena emateko aukera, Lanbideren bidez.

11·11·2022


Aurten ere Usurbilgo udal-brigadan bost hilabetez lan egiteko lau lanpostu eskainiko ditu udalak, Beterri-Buruntzako enplegu planaren barruan. Herriko langabetuak lan merkatuan txertatzeko helburua du eskaintzak: abendutik maiatzera, lanaldi osoko jarduna izango dute. Izen-emateak Lanbideren bidez izango dira, eta, aurreikuspenen arabera, astelehenetik aurrera irekiko da epea.

Usurbilen bizi diren pertsona langabetuei zuzendutako eskaintza da, eta lautik bi postu emakumeentzat izango dira. Lanpostua lortu ahal izateko, hiru baldintza bete beharko dituzte: Lanbiden lan eskatzaile gisa izena emanda egotea, Usurbilen erroldatuta egotea eta 2021ean programa honen edo gazte enpleguko programaren onuradun ez izatea.

Izen-emateak, zehazki, Lanbideren webgunearen enplegu atalean egin behar dira. Informazio gehiagorako, udaleko enplegu sailera jo daiteke, telefonoz (943 37 19 51) edo enplegu@usurbil.eus helbidera idatzita.