Publicador de contenidos

Atrás Bizipozaren IX. Jardunaldia: “Heriotzaren Pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera”

Bizipozak eta Hil Argi elkarteek Bizipozaren IX. Jardunaldiak aurkeztu dituzte: azaroaren 8an egingo dira, goizean, Sutegin.

23·10·2025


Bizipozaren IX. Jardunaldiak “Heriotzaren Pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera” lelopean egingo dira, azaroaren 8an, Usurbilgo Sutegi aretoan, 09:30etik aurrera. Prentsaurrekoan parte hartu dute Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak, Nere Erkiaga Hil Argi elkarteko kideak, Julene Illarramendi Iñurri elkarteko ordezkariak, Iñaki Etxaniz Gainzuri ikastetxeko irakasleak eta Bizipozako ordezkari Eli Olaizolak. Jardunaldiok, besteak beste, Usurbilgo Udalaren laguntzarekin antolatu dira.

Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak azaldu du Usurbil “zaintzen duen herria” izateko bidean ari dela lanean, eta horrek heriotzaren inguruko hausnarketa pedagogikoa egitea ere eskatzen duela: “Heriotza bizitzaren parte bezala normalizatu behar dugu, bai hezkuntza komunitatean, bai gizartean oro har. Horrek aukera ematen digu heriotzaren inguruko kultura osasuntsuago bat eraikitzeko, herritarrak ahalduntzeko bidean”.

Alkateak aurreratu du, gainera, udala Bizipozarekin elkarlan berezi batean ari dela, “heriotzaren pedagogian baliabideak eskainiko dituen proiektu integral bat” garatzeko, eta laster emango dituztela horren inguruko xehetasun gehiago.

Bizipozaren izenean, Eli Olaizolak nabarmendu du jardunaldien helburua elkarteetan lantzen diren gaien inguruko hausnarketarako txoko goxo bat eskaintzea dela: “Bizipozan garrantzitsua iruditzen zaigu gure elkarteetan lantzen diren gaiak gizarteratzea. Aurten Hil Argi elkartearekin elkarlanean heriotzaren gaia jorratuko dugu, beldurretik maitasunera begirada bat eskainiz”.

Nere Erkiagak azaldu du “Heriotzaren Pedagogia” kontzeptuak hezkuntza eta bizitzaren ikuspegitik doluaren eta heriotzaren lanketa ahalbidetu nahi duela, eta jardunaldian horretarako tresnak eta esperientziak partekatuko direla.

Egitaraua bi zati nagusitan banatuko da. Lehenengoan, heriotzaren pedagogia ikastetxeetan nola txertatu duten, zergatik eta esperientzia praktikoak azalduko dira. Horren inguruan Allende Salazar Herri Eskola (Gernika-Lumo), Gainzuri Ikastetxea (Urretxu-Zumarraga), Amassorrain Ikastola (Añorga, Donostia) eta Antzuolako Eskolako familia bat (Erkuden Iglesias, Araneren ama) arituko dira. Saioa Nere Erkiagak moderatuko du.

Hamaiketakoaren ondoren, 12:00etan, elkarteek mahai inguru bat eskainiko dute: “Heriotzaren pedagogiak zertan lagundu dezake gure elkarteetan?”, Amaia Agirre moderatzaile dela. Zati honetan Aspanogi, Iñurri, Naizen eta Txatxilipurdi elkarteek hartuko dute parte.

Julene Illarramendi (Iñurri elkartea) eta Iñaki Etxaniz (Gainzuri ikastetxea) izango dira jardunaldian parte hartuko dutenen artean, elkarteen errealitatea eta hezkuntza arloko ikuspegia ekarriz. Iñurri, hain justu, heriotza batetik sortu zen, Illarramendik azaldu duenez: “Mina transformatu da eta Iñurri sortu zen. Orain, emakume batzuk gerturatzen dira Iñurrira heriotzaren gaia umeekin nola landu galdetzera”. Etxanizek, bere aldetik, heriotzaren gaia hezkuntzan lantzearen garrantzia nabarmendu du: “Hezkuntzan gaia nahiko tabu izan da: gaia naturalizatu behar da, eta ikastetxeetan ere horretan gabiltza”.

Interesa duen oro jardunaldietara gonbidatuz amaitu dute prentsaurrekoa.

Bizipozak eskerrak eman dizkie Usurbilgo Udalari, Kutxa Fundazioari, Irizarri, Orona Fundazioari, Mitxelena Kooperatibari, Lagun Aro, Maier eta Gipuzkoako Foru Aldundiari emandako babesagatik.

Data: Azaroak 8, 09:30ean

Lekua: Sutegi Aretoa, Usurbil

Gaia: Heriotzaren Pedagogia, begirada berri bat, beldurretik maitasunera

Izen-ematea: www.labur.eus/bizipoza