Publicador de contenidos

Atrás Biohondakinaren eta errefusaren tarifa kalkulatzeko GHK-k erabiltzen duen irizpidea aldatzeko eskatu dute Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udalek

Gaur egun GHK-k bihondakinaren zenbatekoa errefusaren tarifaren arabera kalkulatzen du, eta, ondorioz, irizpide horrek zigortu egiten du biohondakina murriztu eta gaika gehien biltzen duena. Errefusarekin loturarik ez duen hondakin baten tarifa kalkulatzeko, zergatik hartu behar da errefusa abiapuntutzat?, galdetu dute hiru udalek. Bihondakinaren tarifaren oinarrian bere tratamendua eta garraio kostuak egoteko eskatu dute, eta errefusaren zenbatekoa gainerako hondakinena baino garestiagoa izateko, hondakin zati kutsagarriena baita. Hala, tarifak kalkulatzeko modua herrientzat injustua dela iritzita, gaia San Marko Mankomunitateko batzarrera eraman dute hiru udalek. Bihar du batzarra San Markok, eta erabakia GHKra eramateko eskatu dute.

23·11·2017


Hondakinen kudeaketa eta tratamenduaren eskumena udalena da. Gipuzkoako antolaketaren arabera, ordea, udalak mankomunitateetako partaide dira, eta mankomunitateak GHK-ko kide. Hala, errefusaren eta organikoaren tratamenduaz gaur egun GHK arduratzen da, eta udalek GHK-k onartutako tarifak ordaindu behar dituzte. Erabaki horretan San Marko Mankomunitateak parte hartzen badu ere, mankomunitateko batzarrean ez da gaia lantzen. Hori dela eta, Hernani, Oiartzun eta Usurbilgo udalen eskariz, bihar San Marko Mankomunitateko batzarrean GHKren tarifez eztabaidatuko da. Zenbatekoak kalkulatzeko erabiltzen dituen irizpideak aldatzeko eskatuko dute, eta batzarreko erabakia GHKra eramateko.

Hiru udalontzat bidegabea da gaur egun GHK-k erabiltzen dituen irizpidea. Izan ere, ondo ari dena saritu beharrean, zigortu egiten du. Eta hori lehenbailehen aldatzeko eskatu dute, hondakinen kudeaketaren gainean dauden lege eta zuzentaruek ezartzen dituzten printzipioak jarraitu nahi badira, bederen. Esaterako, Europako Hondakinen Zuzentarauak adierazten duenez, kutsatzen duenak ordaindu behar du. Espainiako uztailaren 28ko 22/2011 Legeak ere printzipio hori onartzen du. Beraz, biohondakina murriztu edota gaika gehien biltzen duena ezin da zigortu.

Gainera, ez du zentzurik elkarren artean zerikusirik ez duten bi hondakin gurutzatzea, bien zenbatekoa ezartzeko. Bihondakina birziklatu daiteke, ondorioz, ez da errefusa. Beraz, errefusarekin loturarik ez duen hondakin baten tarifa onartzeko, zergatik hartu behar da errefusa abiapuntutzat?

Diogun bezala, hondakin gutxiago tratatu behar izatea da saritu behar dena. Beraz, biohondakin gutxiago biltzea eta tratatzea bultzatzeko, ez da egokia biohondakin/errefus erlazioa erabiltzea biohondakinaren tarifa kalkulatzeko. Izan ere, errefusa murrizteaz gain, biohondakina murriztea ere helburua da. Gainera, bilketa zirkuitutik kanpo geratzen den biohondakina ez da kontuan hartzen erlazio horretan, hau da, sorlekuan bertan konpostatzen dena. Ondorioz, erlazio horrek biohondakinaren murrizketa bultzatzea zigortzen du.

Horregatik, hiru udalon ustez, bihondakinaren tarifa beronen tratamenduaren kostuaren arabera kalkulatu beharko litzateke, baita garraioaren kostua ere. Hau da, bihondakinari dagozkion gastuak soilik ezarri behar zaizkio tarifari. Izan ere, nola da posible udal batentzat garestiagoa izatea biohondakinak GHKren bidez tratatzea enpresa pribatu baten bidez tratatu baino? GHKren tarifa 138,49 €/tn da, eta enpresa pribatuarena 33€/tn.

Halaber, biohondakina gaika biltzea bultzatzeko, hobariak jartzeko eskatu dute, izan ere, helburua errefusarekin biohondakinik ez nahastea izan behar du.

Errefusa, garestiago

Bestalde, errefusari dagokionez, errefusa da birziklaezina den zatia. Beraz, kutsatzen duen zatia. Horregatik, hiru udalon ustez, errefusaren kostuak gainerako hondakinen kostuak baino garestiago beharko luke izan. Modu horretan beste hondakin motak birziklatzera bultzatuko litzateke. Hau da, errefusaren tarifak bere tratamendu kostua ordaindu behar du, eta beste zatiak baino garestiagoa behar du.

Hori guztia kontuan izanik, Oiartzun, Hernani eta Usurbilgo udalen iritziz, ez dago arrazoirik tarifaren kalkulua orain arte egiten den bezala egiten jarraitzeko. San Marko Mankomunitateari exigitzen diote herrien alde egiteko, eta GHKra eskaera hori eramateko. Mankomunitateak herrien interesak lehenetsi behar ditu.