Noticias
Atrás

Bilera deialdia, Buruntzaldeko autobus zerbitzu berriaren harira

Hainbat herritarrek kexak jarri dituzte udalean, uztailaren 1az geroztik martxan dagoen Buruntzaldeko autobusen lizitazio berriak eragindako aldaketak direla, batik bat, Usurbil Donostiako Ospitalearekin lotzen zuen zuzeneko zerbitzuagatik.

13·07·2021


Uztailaren 1az geroztik, Buruntzaldeko autobusen lizitazio berria dago martxan, eta hainbat kexa iritsi dira, dagoeneko, udalera. Gaiaz hitz egiteko bilera irekia deitu du udalak, ostegun honetarako: Sutegin egingo dute, 19:00etan.

Usurbilek bi linea zituen Buruntzaldearekin lotuta, Hernanira eta Donostiako Ospitalera. Usurbil ospitalearekin zuzenean lotzen zuen zerbitzua da, hain zuzen, kendu dutena (Lasarte-Oriara joan behar dute orain lehenengo, han ospitalera doan beste autobus bat hartzeko).

Lizitazioa martxan orain jarri badute ere, duela zenbait urte abiatu zen prozesua, eta orduan ere kexa ugari izan ziren. Eskualdeko beste herri batzuetan gertatu bezala, Usurbilen ere udalak eta 2.000 herritarrek alegazioak jarri zizkioten prozesuari, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ez zituen kontuan hartu.