Publicador de contenidos

Atrás Berdintasun Plan berria aurkeztuko du Usurbilgo Udalak ekainaren 6ean

Ekainaren 6ean egingo den aurkezpen publikoan II. Berdintasun Planaren gakoak eta azalpenak emango dituzte udal ordezkari eta teknikariek.

31·05·2017


Maiatzaren 30eko Osoko Bilkuran onartu ostean, Usurbilek dagoeneko bere II. Berdintasun Plana indarrean jarri du hurrengo lau urteetarako. Modu horretan, 2010ean jarri zen lehen Plana berriztu dute udal ordezkariek.

Plan horren gakoak eta azalpenak eman asmoz, ekainaren 6ean, arratsaldeko seiretan, plana aurrera ateratzeko ardura izan duten udal ordezkari eta teknikariek horren aurkezpena egingo dute jendaurrean Potxoenean.

“Usurbilgo Udalean urteak daramatzagu emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lanean. 2010. urtean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Tokiko Plana martxan jarri genuen, 4 urteko epealdirako. Horren indarraldia amaituta, iaz 2016an, II. Planaren diseinuari ekin genion” adierazi dute udal ordezkariek. “Orain, datozen urteetarako helburu eta erronka gaurkotuak ditugu gure bideorria izango den plan honen bitartez”, gaineratu dute.

2020ra arteko bideorria

Dagoeneko sei urte inguru dira, udalerrian berdintasuna sustatzeko, politika zehatzak eta planifikatuak martxan zirela, eta orain arte egindako lanaren balantzea egiteko abagunea izan dute prozesuan zehar udal ordezkariek.

Izan ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana (2017-2020) diseinatu aurretik, aurreko planaren ebaluazioa egin eta berdintasunaren ikuspegitik egungo egoeraren gakoak non dauden aztertu dute.