Noticias
Atrás

Behin betiko onartu dute Elutx bidea egiteko hirigintza hitzarmena

Maiatzeko osoko bilkuran behin-behinean onartu ostean, ez da alegaziorik izan jendaurrean izan den epean. Hitzarmenaren bidez, Elutx gunea eta Aginagako kaxkoa lotuko dituen oinezkoen eta bizikleten bidea egingo dute.

22·07·2022


Elutx bidea egiteko hirigintza hitzarmena behin betiko onartu dute uztaileko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJk abstentziora jo du. Maiatzeko udalbatzarrean onartu zuten, hasieraz, udalaren eta Orbegozo-Salsamendi anai-arreben arteko izenpetu beharreko hirigintza hitzarmena; jendaurrean egon da, eta tarte horretan ez da alegaziorik izan. Hala, behin betiko onartu dute, uztaileko osoko bilkuran.

Elutx gunea eta Aginagako kaxkoa lotuko dituen oinezkoen eta bizikleten bidea egitea da udalak eta Orbegozo-Salsamendi anai-arreben artean izenpetu beharreko hitzarmenaren helburu nagusia. Akordioaren bidez, lur jabeek konpromisoa hartu dute lurzorua udalari doan eta kargarik gabe lagatzeko, udalak berak obrak egin ditzan. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak maiatzeko bilkuran jakinarazi zuenez, udala hasia da exekuzio proiektua idazten, Origami arkitekto taldearekin, “ahalik eta azkarren bideratzeko asmoz”.

Elutx bideak Aginagaren eta aginagarren eskaera historiko bati erantzuten diola nabarmendu zuen alkateak. “Eskola txikira joaten diren haur gehienak Elutx eremuan bizi dira, eta ez dago zuzeneko konexio segururik: eskolara joateko derrigor atera behar dute N634 errepidera, eta haurren autonomia garatzeko traba da hori”.

Oinezkoen eta bizikleten bidearekin batera, 27 etxebizitza antolatuko dira bidearen inguruan, 3 partzelatan banatuta, eta berdegune atsegin bat ere izango du alboan. “Egungo Aginagaren bizi kalitatea eta mugikortasuna hobetzeko eta ingurune berde atsegin bat izateko aukera ireki zaigu”.