Publicador de contenidos

Atrás Barrenkaleko lokala egokitzeko obrak hasiko dira egunotan

Barrenkaleko lokala Udaltzaingoaren eta Gizarte Zerbitzuen egoitza izango da, obrak amaitutakoan: sei hilabete irautea aurreikusten da.

17·11·2025


Barrenkale 2ko udal-lokala egokitzeko obrak hasi dira. Udaltzaingoa eta Gizarte Zerbitzuak han kokatuko dira, obrak amaitutakoan: bi sailen kasuan, egungo bulegoak txiki gelditu zaizkie, eta zerbitzu egokiagoa eskaintzeko helburua izango du aldaketak. Lanak 4 Badia Mantentze Zerbitzuak enpresari esleitu zaizkio, 328.069 euroan (BEZ barne), eta sei hilabete irautea aurreikusten da.

Barrenkaleko lokala biltegi gisa erabiltzen du udalak. Obra amaitutakoan, sail bakoitzak bere sarrera propioa izango du: Udaltzaingoaren sarrera autobus geltokitik gertuen geldituko dena izango da, eta Gizarte Zerbitzuena Barrenkaleko aparkalekutik gertuen geldituko dena. Bi sailen kasuan, herritarrei harrera duina ematea da aldaketa beharraren arrazoi nagusia, haiengana jotzen dutenen pribatutasuna bermatuz: izan ere, batean zein bestean, zailtasun hori dute, gaur egun.

Era berean, udaletxearen berrantolaketari erantzutea ahalbidetuko du Barrenkaleko inbertsioak. Izan ere, udaletxean eta Kale Nagusia 43an hutsik geldituko diren espazioei bestelako erabilerak emateko aukera emango du.