Publicador de contenidos
15·02·2021
Usurbilgo Udalak banda zabala herriko landa eremura zabaltzeko ekarpena egin berri dio aldundiari. Herrigunean jarria dago banda zabala izateko azpiegitura, baina landa eremuko hainbat gunetan ez da zerbitzu hori eskaintzen oraindik. “Oinarrizko azpiegitura” dela uste du udalak, eta, horregatik, banda zabala udalerriko baserri guztietara iristeko ahaleginean, Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi dio zeintzuk diren banda zabalik gabeko eremuak, hori konpontzeko prozedura abia dezan. Beharrezko azpiegitura falta duten 75 etxebizitza identifikatu ditu udalak, baserrietara deitu, baina ezinezkoa izan zaio denekin hitz egitea. Horregatik, zerbitzuan interesa dutenei otsailaren 26a baino lehen ingurumen eta nekazaritza sailarekin harremanetan jartzeko eskatu die, ingurumena@usurbil.eus helbidera idatzita edo udalera deituta.
Mapa bat kaleratu du ingurumen eta nekazaritza sailak, identifikatutako 75 etxebizitzak erakusten dituena. “Landa eremuan bizi den herritarren batek ikusiko balu bere etxebizitza falta dela, jar dadila gurekin harremanetan”, eskatu dute. “Gaur egun, eta pandemia garaian are gehiago, sarean konektatuta egotea ezinbesteko bihurtu da eguneroko hainbat jarduera normaltasunez egin ahal izateko”, argudiatu du ingurumen eta nekazaritza sailak. Udalak eskumen mugatuak ditu alor horretan. Aldundiari egin dio eskaera, baina handik Madrilera bidaltzen dute, eta Madrilen onartutakoaren araberako esleipenak abiatu ahal izango ditu, gerora, aldundiak berak (eta ez udalak).