Publicador de contenidos

Azaroaren 4an egingo dute Mundualdia, Usurbilgo jatorri aniztasunaren festa

Usurbil harrera herri izateko egindako urratsen eta hurrengoaren berri emango dute aurtengo Mundualdian. Udalak herriko baliabideen gida berritu eta harrera zerbitzua martxan jarri ditu.

26·10·2023


Azaroaren 4an egingo dute Mundualdia, Usurbilgo jatorri aniztasuna ospatzeko festa, goiz eta arratsalde. Aurtengo Mundualdiaren ardatza Usurbil harrera herri izateko azken hilabeteetan egin diren urratsak eta datozenak izango dira: arratsaldeko ekitaldian emango dute horien berri. Helburu horri erantzuten dio, baita ere, azaroaren 2an udaletxeko pleno aretoan egingo den ongietorri saioak.

2023ko urtarriletik irailera bitartean herrian erroldatuak gonbidatu dituzte azaroaren 2ko saiora, gutun bana bidalita. Alkateak eta Aniztasun Kontseiluko zenbait kidek parte hartuko dute saio horretan, eta hemendik aurrera saiook urtean bitan egitea da asmoa.

Aniztasun Kontseiluan hala adostuta, udalak bi urrats nagusi egin ditu azken hilabeteetan. Batetik, harrera zerbitzua jarri du martxan: etorri berriek herria eta eskura dituzten baliabideak ezagutzeko hitzordua eska dezakete Usurbilgo Aniztasun teknikariarekin. Ekainetik dago martxan, eta 20 lagun inguruk eskatu dute hitzordua. Oraingoz, udalean eskatu behar da zerbitzua: Emakumeen Etxea irekitzen denean, han eskainiko da.

Bestetik, herriko baliabideen gida berritu du: etorri berriei herriko eskaintza ezagutarazteko tresna da. Liburuxka horren bidez, era askotako informazioa eskuratuko dute. Batetik, udaleko zerbitzuen ingurukoa: errolda, harrera zerbitzua, gizarte zerbitzuak, euskara ikasteko aukerak, etxebizitza, enplegua, kirola, udal baratzeak, hondakinak, Emakumeon Etxea... Bestetik, osasun zerbitzuak, hezkuntza eskaintza, eskolaz kanpoko jarduerak, kultura eta aisialdia, kirola eta garraio publikoari lotutakoak ere aurkituko dituzte. Horrez gain, herriko elkarte, eragile eta taldeen berri ere ematen da, baita urteko festa eta ospakizunen berri ere.

Lau hizkuntzatan argitaratuko da: euskara-gaztelania, euskara-ingelesa, euskara-frantsesa eta euskara-arabiera. Baliabideen gida ez ezik, hiztegitxo bat ere landu dute, euskaldunak ez diren etorri berriei euskarazko oinarrizko esapideak ezagutzeko balioko diena: sei hizkuntzatan egin dute.

Ongietorri saioa · Azaroak 2 · 18:00 · udaletxeko pleno aretoan

Ongietorri saioa: Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eta Aniztasun Kontseiluko ordezkariek ongietorria emango diete 2023ko urtarriletik irailera bitartean herrian erroldatutako herritarrei. Gutuna bidali diete guztiei, saiora gonbidatzeko.

Mundualdia · Azaroak 4 · herrigunean

Goizean, Zirimara familian-en bidez, familien arteko jolasak egingo dituzte, frontoi inguruan, 11:00etatik 12:30era. Arratsaldean, frontoian, hiru osagai uztartuko dituzte, 18:00etatik aurrera. Hasteko, Usurbil harrera herri izateko proiektua aurkeztuko dute. Jarraian, hainbat jatorritako herritarrek prestatutako jakiak dastatzeko aukera izango da. Eta, azkenik, Senegalgo Ndank-Ndank taldearen musika eta dantza ikuskizuna izango dira.

Aniztasuna, azken urteetako lan-ildo

2015-2019 legealdian hasi zen egiten udala ongietorri saioak. 2019-2023 legealdian ez zen batere egin, baina aniztasunaren eta elkarbizitzaren gaian sakontzeko lan eta urrats garrantzitsuak egin zituen. Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen txostena egin zuen Aztikerrek, udalaren eskariz: txosten horretan, migrazioaren inguruko iritziak eta diskurtsoak bildu ziren, begirada 1960/70eko migrazioan zein gaur egungoan jarrita. Lan horren ondorio nagusiak gida batean jaso eta etxez etxe banatu zituen, eta, horrez gain, Migrazioari maskarak erauzten ikus-entzunezkoa ekoitzi zuen. Txostena, gida zein ikus-entzunezkoa udalaren webgunean kontsulta daitezke.