Publicador de contenidos

Atrás Gurasotasun baimena parekatu, eta kostuak bere gain hartuko ditu Usurbilgo Udalak

Usurbilgo Udaleko langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioko puntu bat berritu zuten, gurasotasun baimenei dagokiena. Horrez gain, arlo ekonomikoari lotutako hainbat kontu landu ziren: 2020. urteko Usurbilgo Udaleko langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioko puntu bat berritu zuten atzoko ezohiko osoko bilkuran, gurasotasun baimenei dagokiena, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen. Horrez gain, azaroaren 10eko hauteskundeetako mahaikideak aukeratu zituzten eta arlo ekonomikoari lotutako hainbat kontu ere landu ziren.fiskalak hasieraz onartu zituzten, baita 2018ko kontu orokorrak ere; 2019ko ekainera bitarteko aurrekontu exekuzioaren berri eman zuten.

18·10·2019


Usurbilgo Udaleko langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioko puntu bat berritu zuten atzoko ezohiko oso bilkuran: “ama biologikoak ez diren gurasoek” hemezortzi asteko guraso-baimena izango dute, 2019ko irailaren 1erainoko atzeraeraginez. Hala erabaki zuten EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen. Horrela, Eusko Legebiltzarrak irekitako bideari jarraitu dio udalbatzak. Horrez gain, Usurbilgo Udalak bere gain hartuko ditu baimen horiek parekatzearen kostuak. Izan ere, estatuak zortzi asteko aitatasun baimena onartzen du oraingoz, nahiz eta 2020an eta 2021ean hamabi eta hamasei astera arte luzatzea aurreikusten duen, hurrenez hurren. Usurbilgo Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egin bezala, bere gain hartuko ditu baimena hemezortzi asteraino luzatu ahal izateko gizarte segurantzari egin beharreko ordainketak. Beraz, 2019an, lehenengo zortzi asteak gizarte segurantzak ordainduko ditu, eta gainerako hamarrak udalak; 2020an, hamabi eta sei, hurrenez hurren, eta 2021ean, hamasei eta bi.

Beñat Larrañaga zinegotziak azaldu zuenez, gizartean gurasotasun baimenen inguruan izaten ari diren aldaketak ikusita, hots, aitatasun baimenak amatasunarekin parekatzen ari direla, horri erantzun behar zitzaiola baloratu dela; bide hori hartu dute, esaterako, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bide hori hartu du orain Usurbilgo Udalak ere: udal langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioko 41.1 puntua berritzea proposatu zuen EH Bilduk, eta horrela geldituko litzateke idatzita artikulua: “Seme-alabaren jaiotza, harrera edo adopzioa dela-eta, 126 eguneko lizentzia izango du langileak. Lizentzia hori enplegu publikoaren araudian indarrean dauden legeek dioten baldintzetan hartuko da”. Larrañagak nabarmendu zuen artikuluak “ama biologikoa ez den gurasoaren lizentzia” aipatzen duela: “Modu horretan, parekatuta geldituko lirateke ama biologikoaren eta ama biologikoa ez den gurasoaren baimenak”. EAJk kontzeptuen inguruan galdetu zion, eta Larrañagak azaldu zuen lehendik aldaketa batzuk eginak zirela “gurasotasun” kontzeptua sartuta lan-hitzarmenean: “Aurten amaitzen da hitzarmen horren indarraldia, eta erredakzio aldetik txukunketa batzuk egiteko beharra dauka: gizartea aldatzen ari da, eta familia eredu desberdinak egonik, hizkuntza inklusiboa erabiltzea egoki ikusi dugu”.

Horrez gain, arlo ekonomikoari lotutako hainbat gai landu zituzten. Batetik, 2020ko ordenantza fiskalak hasieraz onartu zituzten EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin: Lur Etxeberria zinegotziak azaldu zuenez, KPIaren araberako igoerak izango dituzte, kirol eta gizarte zerbitzuen salbuespenekin, alor horietako teknikarien eskariz. Kirol zerbitzuei dagokienez, eguneraketak eskualde mailakoekin aldatzea aurreikusten da, eta gizarte zerbitzuetan, berriz, igoerarik ez egiteko eskatu zuen teknikariak.

Bestetik, 2018ko kontu orokorrak onartu ziren, hau da, behin betiko itxi ziren. Horrez gain, ohiko prozedurei jarraiki, aurtengo aurrekontuen ekainera arteko exekuzioaren berri eman zuten.

Azaroaren 10eko hauteskundeetako mahaikideak: zozketa

Espainiako hauteskunde orokorretan mahaietan lan egiteko zozketa egin zuen udalbatzak atzo, ezohiko plenoan: azaroaren 10eko hauteskundeetan lan egitea egokituko zaien 72 herritarrak hautatu ziren atzo, zozketaz. Datozen egunetan, beraz, horren jakinarazpena jasoko dute udaltzainen bidez.