Publicador de contenidos

Atrás Auto konpartitua eskainiko du udalak, udal-langileek zein herritarrek erabil dezaten

Oiartzungo Hyundai Oarso Car etxearekin sinatutako hitzarmen bati esker, urtebeterako proba pilotua izango da. Auto konpartituarekin, mugikortasun eredu berri baten aldeko apustua egin nahi du udalak.

11·03·2021


Udal-langileek zein herritarrek erabiltzeko zerbitzu berria eskainiko du udalak datozen hamabi hilabeteetan: auto konpartitua. Oiartzungo Hyundai Oarso Car etxearekin egindako hitzarmen bati esker jarriko du martxan proba pilotua. Helburua da mugikortasun eredu berri baten alde egitea, autoen jabetza pribatuari alternatiba gisa. Udaletxeko plazan du aparkalekua autoak, eta gidabaimena duen 18 urtetik gora edonork erabili ahal izango du.

Mugikortasunak, orokorrean hartuta, eragiten du energia kontsumorik handiena. Esaterako, Gipuzkoako energia kontsumoaren ia erdia (industria barne) garraioari dagokio: %461. Usurbilen, berriz, industria kontuan hartu gabe, energiaren %64 bideratzen da mugikortasunera2. Beraz, mugikortasun ereduak eragin zuzena du energiaren kontsumoan eta ingurumenean. Udalerri batek, bere kabuz, aukera gutxi du mugikortasun ereduan eragiteko.

Lehen-lehenik, mugikortasun eredu aktiboa sustatzea izan behar du lehentasuna: oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoak lehenestea, alegia. Garraio-bideak zentzuz erabiltzea helburu, beste mugikortasun eredu bat proposatu du udalak: auto konpartituarena. Emisiorik gabea (%100 elektrikoa da), eta partekatua: udal-langileek hori erabiliko dute lanagatik egin beharreko bidaietarako, eta herritarrek ere erabiltzeko aukera izango dute (euren artean konpartituz bada, hobe). Emisiorik ez izateaz gain, zarata eta mugikortasun kostuak (norbanakoarenak zein kolektiboak) murriztea ahalbidetuko du.

Oiartzungo Oarso Car etxeak auto konpartitu gisa erabiltzeko utzitako ibilgailua Hyundai Kona da, %100 elektrikoa. Erabilera arrunta eginez, autoak 450 kilometroko autonomia du: beraz, autoa, gehienez, 200 kilometroko erradioan erabil daiteke (erabiltzaile bakoitzaren ardura izango da erabilpena autonomiari egokitzea). Autoaren aparkalekua udaletxe aurrean egokitu da: handik hartu eta han utzi beharko dute erabiltzaileek (autoa uzten duenak bateria kargatzen utzi beharko du). Autoak arrisku orotarako asegurua du, 320 euroko frankiziarekin. Hala, erabiltzaileren batek kalteren bat egingo balio edo istripurik izango balu, gehienez ere 320 euro ordaindu beharko ditu.

Smartphone-etarako Vive aplikazioaren bidez, auto elektrikoa alokatu daiteke, eta erreserbatutako orduen eta egindako kilometroen arabera ordainduko luke erabiltzaileak (1,5 euro/orduko eta 0,20 euro kilometroko). Erabili ahal izateko nahikoa da gidabaimena eta 18 urtetik gora izatea. Aplikazioa instalatuta, erabiltzaile moduan alta eman behar da (argazkia, gidabaimena, NAN zenbakia eta kontu korrontea sartu behar dira), eta onartua izan behar da. Erabiltzaile moduan onartutakoan autoa erabil daiteke.

Galdera ohikoen dokumentu bat egin du udalak, erabiltzaileek eskura izan dezaten, euskaraz zein gaztelaniaz. Horrez gain, autoaren funtzionamenduaren inguruko gida bat aurkituko dute erabiltzaileek autoko eskularru-kaxan. Dena dela, autoa lehenengo aldiz hartu aurretik udaleko energia teknikariarekin hitz egitea gomendatu du udalak, 943 57 94 17 telefonora deituta edo energia@usurbil.eus helbidera idatzita.

Galdera ohikoen dokumentua deskargatzeko: euskaraz / gaztelaniaz.

2Usurbilgo energia Jasangarritasunerako Ekintza Planeko 2008ko ekintza planaren arabera.