Publicador de contenidos
Atrás Aurrekontuak ohiko martxan exekutatzen ari dira
28·04·2023

2023ko lehenengo hiruhilekoa amaituta, kontu hartzaileak aurrekontuen exekuzioaren berri eman du apirileko osoko bilkuran, urtarriletik martxora arteko datuetan oinarrituta: haren esanetan, aurrekontuak ohiko martxan exekutatzen ari dira. Ohiko prozedura da: hiruhileko bat amaitzen den aldiro datuok helarazi behar izaten zaizkio udalbatzari eta aldundiari.
2023Ko aurrekontuak otsail hasieran sartu ziren indarrean behin betiko, eta, horren ondorioz, gastuen exekuzioa lehenengo hiruhilekoan baxuagoa da: aurrekontuak behin betiko onartu arte, zenbait gastuk geldirik egon behar izaten dute. Hurrengo hilabeteetan, exekuzioa handiagoa izango dela aurreikusi zuen. Diru-sarreren kasuan, “ohiko moduan” ari dira exekutatzen: “Aurreikusitako martxan, inongo arazorik gabe”.
Horrez gain, udalak fakturak ordaintzeko batez beste zenbateko epea behar izaten duen ere berri ematen da: kontu hartzailearen esanetan, epe horrek 30 egunez azpikoa izan behar du legez, eta Usurbilgo Udalaren kasuan, 11,38 egunekoa izan da, batez beste, 2023ko urtarriletik martxoaren amaierara arte. Azaldu duenez, administrazioen kontrolerako datu bat da ordainketen batez beste epearena: 30 egunetik gorakoa bada, zenbait neurri hartzen baitira (foru funtsa blokeatzea, adibidez).
