Publicador de contenidos

Atrás Astelehenean hasiko dira haur eskolako aldapa berritzeko lanak

Txirikordako zebra bidetik ermitaraino berrituko da aldapa: zoruaz gain, azpiegiturak eta argiteria berrituko dira. Trafikoa ez da erabat itxiko, baina oinezkoen joan-etorriak Ugartondotik desbideratuko dituzte. Lanak irailaren 25a baino lehen amaitu beharko dituzte, baina oinezkoen eremua lehenago irekitzea espero da.

12·07·2024


Astelehenean hasiko dira, azkenean, haur eskolako aldapa berritzeko lanak: Txirikordako zebra bidetik hasi eta ermitarainoko zatia berrituko da. Eregi Herri Lan eta Zerbitzuak SL enpresari esleitu zaizkio lanak, 176.300 euro inguruan (BEZ barne), eta irailaren 25a baino lehen amaitu beharko dituzte lanak. Obrei esker, oinezkoen zein bizikleten bideak txukunagoak izango dira. Zorua konpontzeaz gain, azpiegiturak berrituko dira: batetik, euri urak eta ur zikinak bananduko dira, eta, bestetik, argiteria ere berrituko da.

Trafikoan eragina izango dute lanek, halabeharrez. Ibilgailuek bertatik pasatzeko aukera izango dute, abiadura motelagoan bada ere. Oinezkoei gehiago eragingo die, Ugartondotik desbideratuko baitituzte, behin-behinean. Lan guztiak irailaren 25a baino lehen amaitu behar badituzte ere, oinezkoen eremua lehenago irekitzea espero da.

Udalak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren 80.000 euroko dirulaguntza jaso du.