Publicador de contenidos
10·10·2019
Askotariko lanetan aritzeko hamabi kontratazio berri egin ahal izango dituzte Beterri-Buruntzako udalek, Eusko Jaurlaritzaren 2019ko Tokiko Enplegu Planaren dirulaguntzen bidez. Eskualdeko udal bakoitzak bina langile kontratatu ahal izango ditu bere udal brigadarako. Lanpostu horietarako lehentasuna lan-mundura sartzeko zailtasunak dituzten taldeek izango dituzte: emakumeek, 55 urtetik gorakoek eta DBE Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileek.
Beterri-Buruntzako udalek eta EAGI eraikuntza eskolak egitasmo bat prestatu dute eskualdeko langabetuen formakuntzarako: brigadetan askotariko lanetarako langile izateko prestatuko dituzte. EAGIk Hiriguneen mantenua izeneko ikastaro bat diseinatu du, 150 ordukoa. Usurbilgo Prestakuntza Zentroan egingo dute, urriaren 28tik abenduaren 11ra. Hiri espazioen mantenuan eta udal brigaden askotariko lanetarako langile gisa aritu ahal izateko oinarrizko abileziak eta ezagutzak barneratzea izango da formakuntza ikastaro horren helburua. Lau arlo landuko dituzte: bide publikoen mantenua, saneamendu sareen mantenua, oinezkoentzako bideak eta espazio publikoen mantenua eta hiri altzarien mantenua.
Hamabost pertsonak parte hartuko dute prestakuntza horretan: ikastaroa amaituta, eta abenduaren 31 baino lehen, hamabi pertsona kontratatuko dira; udalerri bakoitzeko bina (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil). Kontratazioak lanaldi osokoak eta bost hilabetetakoak izango dira. Ikastaro honetan parte hartuko dutenen eta ondoren kontratatuko direnen artean, erdiak emakumezkoak izatea lortu nahi da.
Dagoeneko www.lanbide.eus-en argitaratuta dago lan eskaintza, eta bertatik izen emateko aukera izango da.