Noticias
Atrás

Arkaitzerrekaren gutxieneko emaria bermatzeko neurriak har ditzan eskatu dio udalak Uraren Euskal Agentziari

Ponpaketa sisteman ez ezik, ibar osoan kutsatuta egon daitezkeen lurrak deskontaminatzeko ere eskatu du, Usurbilen kokatutako lur eta uretan eraginik izan ez dezaten.

22·11·2022


Usurbilgo Udalak bi erreklamazio jarri dizkio Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoak urriaren 28an jendaurrean jarritako informazioari. Bi eskakizun nagusi dira: batetik, Arkaitzerrekaren gutxieneko emari ekologikoa bermatzeko neurriak hartzeko, eta, bestetik, ponpaketa sisteman ez ezik, ibar osoan kutsatuta egon daitezkeen lur eta urak deskontaminatzeko neurriak hartzeko, Usurbilen kokatutako lur eta uretan eraginik izan ez dezaten.

Usurbilgo Udalak, uztailean, Arkaitzerrekan isurketa bat gertatu zela jakin zuen, herritar bati esker, ezohiko apar eta kolorea antzemanda. Udalak laginak hartu zituen, uztailaren 13an eta 14an, eta emaitzak aztertuta, ondorioztatu zuen Arkaitzerrekako uretan kloruro, amonio, konduktibitate eta DQO mailak ez zirela ohikoak, eta oso altuak zirela. Udalak gai horretan eskumenak dituzten erakundeetara bideratu zituen emaitzak, eta egun, zigor-arloko bidean dago gaia.

Joan den urriaren 28an, Uraren Euskal Agentziaren baitakoa den Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoak jendaurrean jarri zuen, GAOren bidez, honakoa: “Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak baimena eskatu du hau egiteko: Donostiako udalerrian (Gipuzkoa), Zubieta auzoan Arkaitz errekastora isurtzen duen cmg1 plataformako ibarbidearen hondoko drain-hodiaren irteeran ponpaketa-sistema bat eraikitzeko obrak egiteko baimen eskaera”.

Usurbilgo Udalak, obra baimen eskaera hori ikusita, eta jendaurrean dagoela jakinda, bi erreklamazio aurkeztu ditu. Batetik, Arkaitzerrekak Usurbilen izan behar duen gutxieneko emari ekologia bermatzea eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartzea eskatu du. Arkaitzerreka zein ponpaketa sistema Donostian kokatzen diren arren, hortik 575 metro ingurura Usurbilgo udalerrira iristen da erreka, eta, ondorioz, ponpaketa sistema horrek eragin zuzena izango du Usurbilgo iritsieran ere.

Bestetik, ponpaketa sisteman ez ezik betelaneko ibar osoan kutsatuta egon daitezkeen cmg1-eko lurrak deskontaminatzeko neurriak har ditzaten eskatu du, Usurbilen kokatzen diren lur eta Arkaitzerrekako uretan eraginik izan ez dezaten. Izan ere, cmg1 ibarbidearen hondoko drain-hoditik isurtzen diren urak ponpatzea da proposatu duten irtenbidea. Jakinda drain-hodiaren gaineko lurrak (betelana) kutsatuta egon daitezkeela, eta beraz ur kutsatuak drain-hoditik ez ezik, betelanaren beste gunetatik ere irten daitezkeela, Usurbilgo urak eta lurrak kutsa ditzakete.