Noticias
Atrás

Aranerrekako isurketaz eta eremuko saneamenduaz

Abenduaren 20an isurketa bat izan zen Aranerrekan, Ugartondoko obren eraginez, eta udalak salaketa sartu zuen: URA agentzia, Ertzaintza, obraren ardura duen enpresa eta udala lekuan bertan egon ziren, gertatutakoa ikusi eta berriz ez gertatzeko neurriak adostu zituzten. Obretako ur zikinen isurketarik ez zela izan baieztatu ahal izan du udalak. Hobetzekoak badaudela onartuta, azken urteetan egindako lanak nabarmendu ditu udalak.

16·01·2023


Ugartondoko obrek isurketa bat eragin zuten Aranerrekan abenduaren 20an: udalak berak sartu zuen salaketa 112 telefonoan, eta lekuan bertan egon ziren URA agentzia, Ertzaintza, obraren ardura duen enpresa eta udala bera. Isurketaren arrazoiak ikusi, eta berriz ez gertatzeko neurriak hartu zituzten.

Udala jakitun zen Ugartondoko obraren hoditeriaren inguruan arazoak zeudela, eta obrak hasi aurretik jakinarazi zitzaien obrako arduradunei zein neurri hartu behar zituzten: garbiketak zurrupatzaile baten bidez egin behar zituztela adierazi zitzaien. Abenduaren 20ko isurketa, beraz, lanak behar bezala ez egitearen ondorio izan zen.

Horrez gain, Anerreka ingurumen elkarteak salatu zuen Ugartondon lanean ari den Jauregizar enpresak ur zikinak Aranerrekara isuri zituela. Horren aurrean, udala enpresarekin harremanetan jarri zen abenduaren 22an, obretako etxoletako ur zikinak Aranerrekara isurtzen badira neurriak hartzeko eskatzeko; zuzendu beharreko hodia zein izan zitekeen ere jakinarazi zien. Abenduaren 26an udal-langilea obrara joan zen, eta frogatu ahal izan zuen hodi hori moztuta zegoela, behin-behinean. Enpresak zenbait proba egin zituen hodi horretako ur zikinak ez zirela errekara iristen ziurtatzeko, eta frogatu ahal izan zuten hodia ur zikinetara egoki konektatuta zegoela. Dena den, enpresak zenbait neurri hartu zituen: komun kimikoa jartzea eta etxolako komuna itxi eta hodia moztea. Beraz, udalak Anerrekari erantzun dio aipatu hodiko ur zikinak ez zirela Aranerrekara isuri.

Ingurumen elkarteak Ugartondoko isurketen berri udalari zuzenean jakinarazteaz gain, modu publikoan salatu zuen “udalaren utzikeria”. Bistan da zer egin eta zer hobetu ugari duela udalak saneamenduari lotuta, baina hainbat lan egin dira azken urteetan, eta beraz, eta bidegabetzat jo du ingurumen elkarteak egindako salaketa. “Azken urteetan, udala Aranerrekako isurketa guztiak ur zikin eta euri uretan banatzeko lanean jardun da: oraindik ez da guztiz banatzea lortu, baina lanak bideratuta daude”.

Horren erakusgarri, egindako lanak gogoratu ditu:

  • Euri jasa handiak eta hoditeria.
    • Munalurrako sarea banatu zen, 2019an. Modu horretan, euri urak zuzenean errekara isurtzen dira, Aranerrekako ur zikinen hodiaren karga murriztuz.
    • Murkaikuko bidegorria egin zenean, hoditeria berritu zen, eta bidearen zati bat Ugartondoko euri uren sarearekin lotu, hori ere ur zikinen hoditeriari karga murrizteko helburuarekin.
    • Kalezarko haur eskolako aldapa urbanizatu zenean, ur saneamendu sarea berritzeko aprobetxatu zuten, Arponari kaleko eta haur eskolako sare unitarioa banatuta jasotzeko asmoz. 2023Ko aurrekontuetan jasota dago aldaparen urbanizazioaren bigarren fasea egiteko partida, eta saneamenduko hoditeria berritzeko aprobetxatuko da, euri urak ez daitezen ur zikinen hoditeriara iritsi.
    • 2022an, Pikaolatik gora, Harane futbol zelai inguruko ur unitarioen sistema banatzeko proiektua idazten hasi zen udala; Injelan enpresari eskatu zion lan hori, eta idazketa amaitzen ari dira. Ugartondoko ur zikinen hoditerian Harane inguruko euri urak ez sartzea da proiektu horren helburua.
  • Ur zikinen konponketak
    • Azken legealdian, Aranerrekara isurtzen zuten hainbat isurketa gune konpondu dira Belmonten, Kalezarren eta Kale Nagusian. Azken horretan konpontzeko dauden beste isurketa gune batzuk konpontzeko lanean ari da.
  • Aranerrekaren inguruko udalaren lanketak:
    • 2018an Aranerrekako isurketa puntuen azterketa eta diagnostikoa egin zen, eta 2022an Aranerrekako paisai antolamendurako exekuzio proiektua idatzi zen.
    • 2019az geroztik, kontrol sistema bat abian da Aranerrekan, uraren kalitatea neurtzeko.
    • 2021ean, Aranerrekako hainbat txukunketa lan egin ziren, Kalezar inguruan.
    • Aranerreka Oria ibaira iritsi aurretik, guztiz lurperatu eta jauzi baten bidez iristen da Oriara. Anerreka elkarteak egindako eskaera aintzat hartuta, udalak jauzia kentzeko eta lurperatutako zatia azaleratu eta leheneratzeko eskatu zion URA agentziari 2022an.
  • Uraren inguruko bestelako lanak:

    • Aginagako saneamendua. Legealdi hasieran Eusko Jaurlaritzak ez zuen aurreikusita Aginagako saneamendua egitea. Udala Ingurumen sailarekin bildu zen, eta obra horri bultzada ematea lortu zuen. Hala, gaur egun, saneamendu orokorreko lanak egiten ari dira: udal eskumeneko ur saneamendu sare ere egokitu egin behar da, eta hori berritzeko proiektua idatzia du udalak, gaur egun martxan dagoen obrarekin bat egingo duena.
    • 2023an udal ur hornidura zabaltzeko ezinbesteko inbertsioa egingo da San Estebango deposituetan. Filtrazio sistema berri bat ezarriko da, eta horri esker Erroizpeko presako ura erabili ahal izango da.