Publicador de contenidos

Atrás Añarbeko Behe Kanalaren alternatibako lanak burutzeko eskatu dio udalbatzak, aho batez, Espainiako Gobernuari

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako Ministerioari eskatu dio lehenbailehen egin ditzala lanak, eta aurreikusi ditzala 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan.

29·10·2021


Añarbek eskatuta, eta mozioarekin bat egiten duenez, udal-gobernuak mozio bat eraman du urriko osoko bilkurara, Espainiako Gobernuari eskatzeko egin ditzala Añarbeko Behe Kanalaren alternatibako lanak, “lehenbailehen”. Aho batez onartu zuten.

Honela dio mozioak:

“Beheko Kanalaren Alternatiba” izeneko azpiegitura ezinbestekoa da Mankomunitateko hamar udalerrietako 300.000 biztanleri baino gehiagori hornidura ziurtatzeko, Usurbil udalerrikoak barne.

24 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa da, eta 2010ean "Estatuaren Interes Orokor" izendatu zuten. Ondorioz, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak finantzatu eta gauzatu behar du, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren bidez.

Azken urteotan obrak hasi ahal izateko erakunde ezberdinek hainbat gestio egin dituzten arren, lanak oraindik lizitatu gabe daude, eta, ondorioz, egungo Behe Kanalak -Añarbeko urtegitik Petritegiko edateko uren tratamendu estaziora ura etengabe garraiatzen duenak- ondorio larriren bat izateko arriskua du.

Gaur egungo hodiaren antzinatasunak -Beheko Kanala 1960an eraiki zen- eta ura garraiatzeko bigarren kanalik ez dagoen bitartean hura konpontzeko ezintasunak are premiazkoagoa egiten dute azpiegitura alternatibo hori eraikitzea.

300.000 gipuzkoar baino gehiagorentzako ur- hornidura arriskuan egongo litzateke egungo Beheko Kanalak ezbeharren bat izango balu 11,9 kilometro luzeko punturen batean.

Azaldutakoa ikusirik, Zerbitzuak eta Mantenua Batzordeak, 2021eko urriaren 20an egindako bilkuran, Udalbatza Plenoari honako irizpena onartzea proposatzen dio:

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari eskatzen dio lehenbailehen egin ditzala “Añarbeko Behe Kanalaren Alternatiba”-ko lanak, bai 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartuta, bai eskura duen beste edozein finantzaketa-sistema bidez.