Publicador de contenidos

Atrás Altxutako ontziralekua egiteko emakidaren baldintzak onartu dituzte, aho batez

Udalak Aginagan ontziralekua egiteko Eusko Jaurlaritzaren baimena eskuratu du. Lursaila erosi eta erriorako sarbide publikoa eginda, errioari lotutako eskaintza osatuko du udalak, 650 Usurbil Biziren bidez.

05·02·2026


Aginagako Altxutako ontziralekua egiteko emakidaren baldintzak onartu dituzte, aho batez, urtarrileko osoko bilkuran. Erriorako sarbide publikoa ahalbidetu eta errioari lotutako eskaintza osatuko du udalak, natura, aisialdia eta kultur ondarearen transmisioa uztartuz, elkarteekin elkarlanean. Emakidaren epea hogei urtekoa da, hamar urteko bi luzapen gehigarri egiteko aukerarekin.

2024ko uztailean hasi zuen udalak Altxutako ontziralekua egiteko prozesua, orain onartu den administrazio emakida eskatuz. Tarte horretan, eskumena Espainiako Gobernuarena izatetik Eusko Jaurlaritzarena izatera pasatu da.

Ontziralekuaren proiektua idatzia du udalak. Lursaila erostea izango da hurrengo urratsa, eta espedientea abian du dagoeneko: 57.000 euro bideratuko dira erosketara. Hori egindakoan, obrak lizitaziora atera eta gauzatu beharko dira.

650 Usurbil Biziren bidez, Errioaren Usurbil lan-ildoari jarraituz, errioari lotutako eskaintzea osatzea da udalaren asmoa, natura, aisialdia eta kultur ondarearen transmisioa uztartuko dituen proiektu batekin. Bisita gidatuen bidez, eremuaren historia eta natur balioa ezagutaraziko dira: aurrerago jakinaraziko dituzte xehetasunak.