Publicador de contenidos
Atrás Alokairu sozialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura hobetzeko neurriak onartu dituzte
23·12·2024
Alokairu sozialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura hobetzeko bi erabaki hartu dira, hasieraz, abenduko osoko bilkuran. Batetik, etxebizitza horietako errentariak onartu eta hautatzeko oinarriak aldatu dira, eta, bestetik, Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroaren erregelamendua aldatzea onartu dute. Iragarkiak GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar ditu udalak orain, jendaurrean jarri, hilabetez: alegaziorik ez bada, indarrean sartuko dira, automatikoki; bestela, alegazioak ebatzi beharko dira, indarrean sartu aurretik. Indarrean sartzen denean eguneratuko da udalaren webguneko dokumentazioa.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak osoko bilkuran azaldu duenez, udalak “aspalditik” ditu alokairu sozialera bideratzen dituen 19 etxebizitza. Dena den, horiek esleitzeko modua, gaur egungoa, 2020an onartu zen: ordura arte, etxebizitzak zozketa bidez esleitzen ziren, eta aldaketa egin ostean, baremazio sistema baten bidez esleitzen hasi ziren, etxebizitzak puntu gehien dituenari esleituta, behar gehien horrek duela ebatzita. “Ordutik lau urte pasatu dira, eta praktikak erakutsi digu badaudela hobetu beharreko gauzak”.
Zehazki, lau dira errentariak onartu eta hautatzeko oinarrietan aldatuko diren puntuak. Batetik, baremazio sisteman, kontuan hartu beharreko bi irizpide berri sartuko dira: esleitu beharreko etxebizitzaren tamaina eta eskatzailearen bizikidetza unitateko kide kopurua. Hala, logela bakarreko etxebizitzak pertsona bat edo bi diren kasuetan esleituko dira; bi logelako etxebizitzak bat eta hiru artean diren kasuetan; hiru logelakoak, berriz, hiru, lau, bost edo sei pertsona diren kasuetan.
Bestetik, aldaketa baliatu nahi izan da akats bat zuzentzeko: etxebizitza zehatz baten deskribapenean, Txaramunto kaleko atikoan, esaten da bi logela dituela, baina bakarra dauka. Bestetik, ordenantza hori osatu eta, gerora, etxebizitzari lotutako araudian aldaketak izan direnez, ordenantza arautegi berrietara egokituko da, maizterrek ordaindu beharreko kalkuluetan eguneraketak eginda.
Azkenik, orain arte baremazio sisteman ez zen aintzat hartzen eskatzaileek zenbat denbora daramaten izena emanda Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroan. Solaberrietaren esanetan, gertatu izan da norbait denbora luzez lehenengo postuan egotea, eta tartean beste norbait sartzea, puntuazio handiagoarekin, justu etxeren bat libre gelditutakoan. Horregatik, antzinatasun hori ere aintzat hartzea proposatu da.
Errentariak onartu eta hautatzeko oinarrien aldaketaren bozketak EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoak jaso zituen. EAJk abstentziora jo zuen, laugarren aldaketak “zalantzak” sortzen dizkiela argudiatuta. “Etxebizitzak behar gehien dutenei esleitzea bada helburua, kontraesankorra iruditzen zaigu antzinatasuna ere aintzat hartzea”. Solaberrietak erantzun zien, ulertzen dituen arren, berdinketa kasuetan jada aintzat hartzen dela antzinatasuna, eta lehenengo doanak behar handia duela: “Zaila da dena bikain egitea: arautu egin behar da, eta kasu honetan bere garrantzia eman nahi zaio gaiari”.
Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroan ere, aldaketak
Etxebizitza eskatzaileek udalera dokumentazioa eramateko egin beharreko joan-etorriak arintzeko beste aldaketa bat onartu zen, kasu horretan, Etxebizitza Eskatzaileen Udal Erregistroaren erregelamenduan. Arautegi hori onartu zutenean, 2020an, ez zen Nisae existitzen: tresna hori hainbat zereginetarako erabiltzen du administrazio publikoak, euren arteko informazio trukea egiteko, beti ere herritarrek horretarako baimena ematen badute. Kasu honetan, aho batez onartu zuten aldaketa.