Publicador de contenidos

Alokairu sozialeko etxebizitzak esleitzeko araudia aldatzea onartu dute, hasieraz eta aho batez, osoko bilkuran

Etxebizitzari lotutako gaiez gain, hezkuntzari buruzkoak eta Martxoaren 8aren inguruko adierazpen instituzional bat landu dituzte plenoan: azken hori ere aho batez onartu dute.

28·02·2020


Alokairu sozialeko etxebizitzei buruzko bi puntu onartu dituzte, hasieraz eta aho batez, otsaileko osoko bilkuran: batetik, eskatzaileen erregistro propioa sortzea, eta, bestetik, alokairu sozialeko udal-etxebizitzak esleitzeko araudia aldatzea. Gaur-gaurkoz, udalak hemeretzi etxebizitza bideratzen ditu alokairu sozialera: hamabi Txaramunton eta zazpi Gernika ibilbidean. Horrez gain, beste bi etxebizitza ditu jabetzan udalak Santuenean, eta horiek egokitzen ari dira zirkuitu berrian sar daitezen; dena den, oraindik ezin da eguna zehaztu, Alokabiderekin egin beharreko hitzarmen bat beharrezkoa baita horretarako.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu zituen osoko bilkuran etxebizitzei lotutako bigarren eta hirugarren puntuen nondik norakoak. 2009An esleitu ziren etxe horiek lehenengo aldiz, zozketa bidez, Etxebizitzen Legea oinarri hartuta, bost urterako. Ordutik, bitan esleitu dira etxeak, zozketa bidez egin ere. Sistema hori aldatzea erabaki dute “hainbat arazo” eragiten zituelako. “Ez dira aldi berean hustu, batera esleitu ziren arren: hustu ahala, nori esleitu erabakitzeko zozketatik eratorritako itxaron zerrenda hartzen zen kontuan, baina zerrenda horiek desfasatuta daude, eta ez diete unean uneko beharrei erantzuten”. Bestetik, ez zuen aukera ematen jendeak izena emateko zozketa berri bat egin arte. Eta, azkenik, etxeak zozketa bidez esleitzea ez zela “oso justua” ulertzen dutelako: “Hainbat udal ari dira, azken urteetan, etxeak zozketa bidez esleitzearena aldatzen: etxebizitza eskubide aitortu bat da, eta ez da oso justua zoriaren esku uztea”.

Hala, etxebizitzen udal-erregistroa sortzea erabaki dute. Erregistroan sartzeko izena eman beharko da, eta, hain zuzen, erregistro horretan izena emateko zer baldintza behar diren zehazten du otsaileko plenoko puntuetako batek. Bigarrenak, berriz, etxeak esleitzeko modua bera arautzen du: etxeak baremazio sistema baten bidez esleitzea. “Hainbat egoera hartuko dira aintzat, eta egoera bakoitzaren arabera puntuak jasoko dituzte eskatzaileek: puntu gehien dituztenak behar gehien dutenak izango dira”.

Martxan, epe motzean

Alkateak azaldu duenez, Txaramuntoko zazpi etxebizitza daude hutsik. Otsaileko osoko bilkuran onartu ostean, zazpi etxe horiek araudi berriaren arabera esleituko dira. Epe motzean jarriko da martxan araudia: plenoan hartutako erabakiak hilabetez egon behar du jendaurrean, inork alegaziorik jarri nahiko balio. Halakorik ez bada, apirilean erregistroan izena emateko epea irekiko dute, eta maiatzean etxebizitza horiek esleitzeko moduan izango dira. Hurrengo hilabeteetan etxebizitza gehiago hustuko dira: etxebizitza bat libre gelditzen den aldiro, baremazioa egingo zaie erregistroko kide guztiei, izena ematetik epe motz, ertain zein luzera bakoitzaren egoerak alda daitezkeelako. “Irekita egongo da erregistroa, edozein momentutan eman ahal izango da izena, eta etxeak hustu ahala egingo da baremazioa”.

Hezkuntza gaiak

Hezkuntzari lotutako beste bi puntu bozkatu zituzten. Batetik, Udarregi ikastolaren eta Usurbilgo Udalaren artean 2008ko abuztuaren 29an sinatutako hitzarmena urtebetez luzatzea adostu zuten, EH Bilduren aldeko botoekin (8), eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin (5). Haur eskolaren kudeaketari buruzko hitzarmen hura bi urtetarako sinatu zuten, aurten beteko direnak. Akordioak jasotzen du udalak akordioa aldebakarrez luzatzeko aukera, Beñat Larrañaga zinegotziak azaldu zuenez, baina, dena den, ikastolarekin hitz egiten aritu direla eta beharrezko txostenak aurkeztu dituztela, eta, beraz, luzatzea erabaki dute. Urte amaierarako edo 2021. urteko urtarrilerako esleipen berria eginda edukitzeko asmoa dutela ere esan zuen Larrañagak. “Herritarrei emandako zerbitzua esanguratsua izan da: duela urte batzuk gaina jo zuen, nahiz eta gaur egun 40-50 ikasletara jaitsita dagoen. Hainbat arrazoi tarteko gertatu da hori; Usurbilen, EAE guztian bezala, jaisten ari da jaiotze tasa, baina zerbitzua ondo baloratua izan da, eta beharrezkotzat jotzen da”.

EAJko kideek, beren aldetik, eskola publikoaren aldekoak direla esan zuten, eta horregatik joko zutela abstentziora. Solaberrietak erantzun zion Eusko Jaurlaritzak edo udalak kudeatu, zerbitzu hori publikoa dela.

OinHerri proiektuaren parte

OinHerri, herri hezitzailea zazpi kontzeptutan oinarritzen da, “elkar aberasten duten” zazpi kontzeptutan. Proiektuaren laburpen gisara, hala irakurri zuen Larrañagak: “Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea”. Sare horren parte izatea erabaki zuten EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin (9) eta EAJren abstentzioarekin (4).

Larrañagaren esanetan, hiru zutabe ditu OinHerrik: udala, hezkuntza eta herrigintza. Horregatik, talde politikoei ez ezik, herriko bestelako eragileekin ere biltzen ari dira horren berri emateko. Horrez gain, OinHerriren sarea osatzen duten beste herriekin esperientziak trukatzeko aukera ere ematen du horren parte izateak. Biztanle kopuruaren arabera kuota bat eskatzen du trukean OinHerrik (Usurbilen kasuan, 3.000 euro litzateke), haiek Usurbilen esku hartzeko langileak bidera ditzaten. Larrañagak, EH Bilduren izenean, esan zuen bere taldeak erabat oinarrizkotzat jotzen dituela proiektu horren zazpi oinarriak.

EAJk abstentziora jo zuen, ez duelako uste “kanpoko eragile batek” horrelako lan bat egiteko beharrik dagoenik Usurbilen; Ziortza jarri zuen adibide gisara. Larrañagak erantzun zien helburua ez dela ezer ordezkatzea, ez dagoen zerbait sortzeko printzipio bat izatea baizik: “Dauden eragileen arteko sinergiak baliatzea da asmoa. Gainera, beste herri batzuetako EAJko taldeek bat egin izan dute”.

Solaberrietak, bere aldetik, esan zuen proiektu berri asko ekar ditzakeela OinHerrik, udalaren eta herriko taldeen artean egiteko modukoak. “Niretzat ez da kanpo eragile bat, denok osatzen dugun talde bat baizik. Aukera hau aprobetxatu nahi dut hil berri den Joxe Mari Auzmendirekin gogoratzeko, herrigintzan eta herri hezitzaile baten alde egin duen lanagatik”.

M8-ko adierazpen instituzionala

Emakumeen Nazioarteko Egunari buruzko adierazpen instituzionala onartu zuten osoko bilkuran, aho batez, EH Bilduk proposatuta. Aroa Etxeburua parekidetasun zinegotziak irakurri zuen testu osoa, zeinak aldarrikatzen zuen beharrezkoa zela “printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea”. Adierazpen horren harira, hauxe onartu zuten osoko bilkuran:

  1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorraren bidean aurreratzeko neurri sorta bat garatzea udalerrian, beharrezkoak izango diren baliabide guztiak bermatuz:

    1. Udal aurrekontuen azterketa egitea, genero ikuspegitik, udalak hartu dituen konpromisoen bideragarritasuna bermatuz.

    2. Genero ikuspegi batetik udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea, eta errealitate hori hobetzeko neurriak martxan jartzea.

    3. Jabekuntza Eskolak, Emakumeen Etxeak eta beste espazio autogestionatuak bultzatzea edota indartzea, betiere ahalduntze ikuspegi feminista batetik.

  2. Identifikatu diren udalerriko emakume zein kolektibo feministek parte hartzeko bideka irekiko dira, identifikatu diren jarduera guztien diseinutik ebaluazioraino parte hartu ahal izateko, euren iritzia kontuan hartuz.

 

Galdera-eskaeren tartean, berriz, Patxi Suarez Perez PSE-EEko eledunak hartu zuen hitza, proposamen bat egiteko, azken asteetan prentsan agertutako 2018ko San Juan suaren harira. “Oso gaizki iruditu zitzaidan, neurketa hori ez zelako zuzena, baina alde positiboarekin gelditu nahi nuke: beharbada, zerbait egin daiteke aurten gauza bera ez errepikatzeko”. Solaberrietak erantzun zion ados zegoela, eta txosten horren berri izan bezain pronto mezu bana bidali zietela Biodonostiari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailari; Biodonostiak soilik erantzun zien. “Ez gaude lasai datu horrekin, eta horregatik eskatu ditugu bilerak; zerbait egin beharko dugu herritarrekin halako kutsadurarik sor ez dadin berriz”.

Solaberrietak gaineratu zuen, izatez, Elena Moreno ingurumen sailburuordearekin bilera zutela astelehenean, baina Zaldibarko zabortegian gertatutakoak medio, bertan behera utzi zietela bilera eta ez duela besterik jarri, oraingoz.

EAJk, bere aldetik, esan zuen, beharbada, maskotaren erreketako datuak aztertu beharko liratekeela, eta Solaberrietak erantzun zion gehiago kezkatzen duela errauste-planta. “Maskotarena, beharbada bai, baina errauste-plantatik egunero ateratzen den kea neurtzekoa iruditzen zait, bide batez esanda, datorren astean martxan jartzekoa dena”.