Publicador de contenidos
Atrás Aldaketa udal-gobernuan
30·04·2021
Apirileko osoko bilkuran jakinarazi dutenez, EH Bilduko zinegotzi Aroa Etxeburua Ugartemendiak uko egin dio karguari, arrazoi pertsonalak argudiatuta. Haren ordez, EH Bilduren hautets-zerrendako hurrengo kideak, Ainhoa Arrozpidek, kargua hartzeko prozesua abiatuko du udalak. Aurreikuspenen arabera, maiatzeko osoko bilkuran har dezake kargua Arrozpidek, baldin eta ordurako Hauteskunde Batzorde Zentralak dagokion kredentziala luzatzen badio.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak adierazi zuen “pena handia” dutela Etxeburuak kargua utzi behar izan duelako: “Ez da indarrez sentitzen kargu honekin jarraitzeko, eta bere erabakia ulertu eta errespetatu baino ezin dugu egin. Pena hartu dugu bere gaztetasun, freskotasun eta indarrak udal-jardunari ekarpen handia egin ziezaiokeela uste dugulako. Bide laburra egin den arren, Aroa ezagutzeko zortea izan dugu, eta onena baino ezin diogu opa”.
Aldi berean, Arrozpiderentzako hitzak ere izan zituen alkateak.”Militante eta ekintzaile nekaezina, ibilbide luzea egin du herrigintzan. Beti saiatzen da bere onena ematen, eta orain herri honekiko duen konpromisoak darama zinegotzi izatera. Eskertu besterik ez dut bere eskuzabaltasuna eta konpromisoa”.