Publicador de contenidos
22·09·2017
(Gipuzkoako Hitza-tik hartutako testua)
Aitziber Arzallus
Donostialdean, Gipuzkoako hiriburutik hamar kilometrora eta Oria ibaiaren ertzean dago Usurbil. 6.200 biztanle ditu, eta ia 25 kilometro koadroko azalera. Orio, Aia, Lasarte-Oria, Zizurkil eta Donostia ditu inguruan. Hiriburuaren eragin geografikoaren barnean egonagatik, usurbildarrek beren izaerari eusten diotela nabarmendu du Xabier Arregi alkateak (Zubieta, 1964). “Usurbil herri euskalduna da, eta euskal kulturak herri honengan utzitako ondare fisiko zein sentimentala ondo baino hobeto gordetzen du”. Usurbil herri “bizia” dela dio, eta usurbildarrak, “konpromiso sozial handikoak”; “horiek dira gure herriaren aktiborik garrantzitsuenak”.
Kokalekuagatik —hiriburutik gertu dago, eta A-8 autobiderako sarbide zuzena du—, Usurbil beti izan da industria jarduera handiko herria. “Egia da krisiarekin herriko enpresa batzuek arazoak izan dituztela”, azaldu du Arregik. “Hor dago azkenaldian ezaguna egin den Ingemarren kasua”. Baina nabarmendu du inguruko herri batzuk baino egoera hobean dagoela Usurbil. Gaur egun, %9tik beherakoa da langabezia tasa. “Arduratzekoa da, hala ere, tasa hori dezente handiagoa delako emakumezkoen artean gizonezkoen artean baino”.
Historikoki, Usurbil bi gauzagatik izan da ezaguna: sagardoaren bueltan sortutako kulturagatik —Hernani eta Astigarragaren atzetik, sagardotegirik gehien duen herria da— eta Oria ibaian angulak arrantzatzeko tradizioagatik —Aginaga auzoan, batez ere; urteetan sektoreko enpresa garrantzitsuenen kokaleku izan da auzo hori—.
Azken urteotan, ordea, beste arrazoi batek eraman du Usurbilen izena egunkarietako izenburuetara: hondakinen kudeaketan aitzindari izateak, hain zuzen. Besteak beste, atez ateko bilketa sistema ezarri zuen Gipuzkoako lehen herria izan zen, eta lortu dituen emaitzengatik eredu da bai Euskal Herrian bai eta handik kanpo ere. Arregiren hitzetan, “udalaren ardatz etikoak” dira herritarren osasuna eta bizi kalitatea zaintzea. “Horregatik egiten diegu aurre errauste planta bezalako azpiegitura kutsakor eta kaltegarriei. Inguruan sortzen diren arazoei era positiboan erantzuten saiatzen gara, betiere garapen lokala, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra ezarriz”.
Bikaintasuna helburu
Ideia horietan oinarrituta landu dute Usurbil 0.0 programa ere. “Herritarren eta nazioarteko adituen ekarpenei esker, Usurbilgo hondakinen kudeaketaren etorkizunerako oinarriak ezarri ditugu. Nolabait esateko, 2008. urtean hasi genuen bidearen jarraipen logiko eta arduratsua da”, Arregiren hitzetan. Egun, hondakinen %83 gaika biltzen dute usurbildarrek. Inguruko beste edozein herrirentzat sekulako lorpena litzateke zifra horretara iristea. Baina usurbildarrei ez zaie nahikoa iruditzen. “Ez dugu nahikotzat jotzen bilketako emaitza on hori. Bikaintasuna nahi dugu hondakinen kudeaketako ziklo osoan. Eta, gainera, planteamendu errealista eta egingarria mahai gainean jarrita lortu nahi dugu bikaintasun hori”.
Ildo beretik, herritarren osasun eta bizi kalitatearekiko ardurak beste arlo batzuetan neurriak hartzera ere bultzatu du Usurbilgo Udala. Hala, airearen kalitatea hobetzeko eta kutsadura elektromagnetikoa gutxitzeko neurriak hartzen ari direla azaldu du alkateak.
Ez dira horiek udalak esku artean dituen proiektu bakarrak. Epe laburrera begira, Zumarte musika eskola erabat berritzea aurreikusi du. “Zumartek eragin handia du herrian, eta eragin horren pareko proiektua gauzatuko dugu, bioeraikuntzaren moldeak zainduz”. Sozioekonomiaren arloan, espazio industrial degradatuak birgaitzeko asmoa du. “Adibidez, Michelingo orube utzian laster ezagutuko dugu jarduera ekonomiko guztiz eraberritua”.
Luzera begira, berriz, hainbat arlotan hurrengo hogei urteetarako oinarriak ezartzen ari direla kontatu du alkateak. “Momentu honetan, esaterako, Hiria Antolatzeko Plan Orokor berria lantzen ari gara, pertsonak ardatz izango dituen hirigintza eredu humanoan oinarrituta”. Plan horretan, besteak beste, natur baliabideak, genero ikuspegia, irisgarritasuna eta oinezkoentzako segurtasuna bermatuko dituen Mugikortasun Plana landu du udalak, herritarrekin batera.
Hain zuzen, Usurbilgo egitasmo asko herritarrengandik sortuak izaten direla nabarmendu du alkateak. “Guretzat izugarria da herri indar hori”. Hori bultzatzen saiatuko dira aurrerantzean ere.