Publicador de contenidos
Atrás Aho batez onartu dute Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren inguruko mozioa
26·11·2021
Aho batez onartu dute Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren inguruko mozioa azaroko osoko bilkuran. Zuzenean emakumeen aurka erabiltzen den indarkeria ez ezik, haiei min egiteko gertukoei egiten zaizkien erasoak ere salatu dituzte mozioaren bidez. Hala, udalbatzarrak aho batez onartu zuen udalak baliabide teknikoak, ekonomikoak zein politikoak bideratzeko konpromisoa hartzea, besteak beste, udaleko berdintasun saila indartuz eta emakumeen parte-hartzerako guneak sustatuz.
Mozioa zuzenean irakurri ordez, Usurbilgo Kafe Tertuliak azaroaren 25aren harira egindako ekimen bati leku egin zion Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Herriko neska eta emakumeei jasan dituzten eraso matxistak kontatzeko eskatu zien Kafe Tertuliak, eta gero, audio baten bidez zabaldu dituzte guztiak batera, taldeko kideen ahotsean irakurrita. Audio hori bera jarri zuen Solaberrietak osoko bilkuran. “Mozioari duen garrantzia kendu gabe, pentsatzen dut mozioak onartu bai, baina horrelakoak entzunda ikusten da zenbat lan daukagun egiteko. Hunkitu egin nau, haserretu, etsitu, eta harrotasuna ere sentitu dut beraien gorputzean jasan duten indarkeria plaza publikora ateratzeko ausardia izan dutelako herriko neska eta emakumeek”.
Mozioa, osorik: hemen.