Publicador de contenidos
Atrás Aho batez onartu dute 2022ko inbertsioak finantzatzeko Kutxabanken mailegu kontratua
30·09·2022

2022ko zenbait inbertsio eta obra finantzatzeko milioi bat euroko mailegua eskatuko dio udalak Kutxabanki: hala onartu zuten, aho batez, iraileko osoko bilkuran. 2022Ko aurrekontuak osatzerakoan, iragarri zuten mailegu hori eskaintzeko asmoa, hala, zenbait obra eta inbertsio gauzatzeko 1,6 milioi euro bideratu ahal izateko. Osoko bilkuran onartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko diote erabakia, eta hura jakinaren berri jakin ostean sinatu ahal izango du udalak mailegu kontratua.
Udaleko kontu-hartzaileak osoko bilkuran azaldu duenez, Usurbilen bulegoak dituzten hiru bankuei eskatu zieten euren eskaintzak aurkezteko, eta hala egin zuten hiruek. Eskaintzak jasota, hirutik bi “berdin-berdinak” zirela konturatu ziren, eta hirugarrena “pixka bat hobea”: “Udalarentzat egokiagoa, interes gutxiago ordaintzea ekarriko digulako”. Kontu hartzaileak argitu zuenez, banku bakoitzari bi eskaintza egiteko eskatu zieten: bata interes finkoarekin eta bestea aldakorrarekin. Guztiek, ordea, interes aldakorrarekin soilik kalkulatutako eskaintzak aurkeztu zituzten, egungo garai aldakorrak arrazoituta.
Udalak interes gutxiago ordaintzea eragingo duen eskaintza Kutxabankena izan zenez, hori onartzea proposatu zion kontu-hartzaileak osoko bilkurari, eta aho batez onartu zuten.
