Publicador de contenidos

Atrás Aho batez onartu dituzte Txirikordaren exekuzio proiektua eta obra esleitzeko pleguak, apirileko osoko bilkuran

“Ondo bidean”, belaunaldi arteko proiektu komunitarioaren obrak udan hasi ahal izatea nahi du udalak.

30·04·2021


Txirikorda belaunaldi arteko proiektu komunitarioa eraikitzeko exekuzio proiektua onartu eta obra esleitzeko pleguak onartu dituzte apirileko osoko bilkuran, aho batez. Pleguak publikatzean, 26 egun naturaleko epea izango dute enpresek eskaintzak aurkezteko: horren ostean, udalak obra zeini esleitu ebaztean, Txirikorda eraikitzeko obrak hasteko moduan leudeke, “ondo bidean”, aurtengo udan bertan.

Onartutako pleguen arabera, 1.963.514,12 euroko kostua izango du obrak, eta 18 hilabetean amaituta beharko luke. Gainera, udalak baliabide propiorik erabili gabe proiektua %100 finantzatzea lortu du. Horretarako gakoa izan da udala izatea proiektuaren sustatzailea, dirulaguntzak eskatzeko bidea zabaltzeko modua hori baitzen. Iaz, Ugartondoko Hitzarmen Batzordearekin hala adostuta, udala bihurtu zen proiektuaren sustatzaile, eta Ugartondoko Hitzarmen Batzordeak udalari 1.423.000 euro ordaintzea adostu zuten. Horrez gain, dirulaguntzak eskatu eta lortu egin ditu udalak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak proiektua 640.000 eurorekin laguntzea ebatzi baitu. Horrez gain, Gipuzkoako Aldundiari kontsulta egin ostean, obrari lotutako BEZ-a aurreztea lortu du (400.000 euro inguru), subjektu pasiboaren inbertsioa aplikatuta.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatea pozik agertu zen udal-gobernuarentzat hain garrantzitsua den Txirikorda proiektua gauzatzeko erabakiok aho batez hartu zirelako. Batez ere, proiektuaren arlo soziala nabarmendu nahi izan zuen. “Belaunaldi artekotasuna eta kolektibitatea: emantzipatu nahian dauden gazteei etxebizitza aukera bat ematea eta adineko pertsonei, batez ere bakarrik bizi direnei, aukera bat ematea. Hau da, bi behar proiektu bakar batean batzen ditu Txirikordak”.

Exekuzio proiektuaren oinarria Txirikorda sortzeko herrian egin zen parte-hartze prozesua dago, alkatearen esanetan: “Horri leialak izaten saiatu gara: horren arabera egin dugu exekuzio proiektua”. Proiektuaren gauzatzea “momenturik egokienean” iritsi da, haren ustez. “Pandemiak agerian utzi du zaintzaren beharra, elkar zaintzaren beharra. Izan ere, zaintza ez da soilik dependentzia egoera batean gaudenean behar dugun zerbait: hori baino gehiago da”.

Espazio pribatuak eta komunitarioak izango ditu Txirikordak. Espazio pribatuak 16 etxebizitzak izango dira, eta, gainerakoa, elkarbizitza komunitarioa egiteko espazioak izango dira: egongela, erabilera anitzeko gela, garbiketa gela, terraza... 2022ko aurrekontuetan diru partida bat gorde beharko du udalak horiek ekipatzeko.