Publicador de contenidos

Atrás Aho batez erabaki du udalbatzak hasieraz onartzea arauak aldatzea Lasarte-Oriak Atsobakar eremuan kirol ekipamenduak egin ahal izateko

Jendaurrean jarriko da erabakia hogei egunez, nahi duenak alegazioak aurkez ditzan. Astelehenean Ucinen gertatutako suteaz eta Zumarteko obrez ere jardun dute.

27·09·2019


Aldaketarik ezean, Usurbilgo Udalak indarrean diren udal arauak aldatuko ditu Lasarte-Oriak Atsobakar eremuan kirol ekipamenduak egin ahal izateko: hori erabaki zuen atzo, hasieraz, udalbatzak. Lasarte-Oriak Usurbilgo Udalari aldaketa eskatu zionetik, joan-etorri asko izan ditu gaiak, tramitazioan bi udalek izan dituzten desadostasunengatik. Usurbilgo Udalak, bere teknikarien eskariz, hiru txosten egiteko eskatu zion Lasarte-Oriako Udalari, lan horiek ingurumen, genero eta eragin linguistikoaren ikuspegietatik zein inpaktu izango zuten aztertzeko. Lasarte-Oriako Udalaren ustez, ez zen beharrezkoa ingurumenari zegokiona egitea, eta, azkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiari kontsulta egitea erabaki zuten.

Agurtzane Solaberrieta alkateak atzoko udalbatzan azaldu zuenez, Ingurumen zuzendariak hauxe erantzun du, hitzez hitz: “Azkenean, aipatzea, erabaki hau ingurumeneko zuzendaritza nagusiaren ezinbesteko edo lotesleko erabaki juridikotzat ezin dela hartu, eta zuzenbidean hobeto oinarritutako beste edozein irizpideren menpean gelditzen dela’”. Erantzunaren ezohikotasuna nabarmendu zuen Solaberrietak: “Proiektu guztietan egiten da ingurumen inpaktuari buruzko txostena, eta kasu honetan ez egin behar izateak harritzen nau, baina ez dut zalantzan jarriko Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendariak dioena”. Horregatik, arauak hasieraz onartzearekin bat, Lasarteko Udalari honako ohartarazpen hau ere egitea erabaki zen atzo: “Aldaketa-espedientea tramitatzeko prozeduran edo lanak gauzatzeko prozesuan ingurumenaren gaineko eragin esanguratsuren bat egiaztatzen bada, Usurbilgo Udalak Lasarte-Oriako Udalari eskatuko dio ingurumen-prozedura betetzea eta/edo beharrezko eta bidezko ikusten diren ingurumen neurriak hartzea”. Orain, jendaurrean jarriko da eta erreklamazioak aurkezteko hogei eguneko epea zabalduko da.

Eguneko gai zerrendari lotuta, beste hiru bozketa egin ziren. Batetik, Usurbilgo Udalak Beterri Buruntza eskualdeko garapen agentzia sortzeko hitzarmena sinatu zuenez, Beñat Larrañaga Urdanpilleta batzorde sustatzaileko ordezkari izendatzea onartu zuten, EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen. Bestetik, elkarri lotuta zeuden bi bozketa egin zituzten, 2019ko plantilla organikoaren aldaketari eta lanpostuen zerrendaren aldaketari lotuta. Izan ere, EH Bilduk konfiantzazko postu bat sortzea erabaki du Usurbilgo Udalak komunikazio arduradun bat izan dezan: udalaren produkzioa eta jarduera “oso handia” dela nabarmenduta, eta herritarrek informatuta egoteko duten eskubidea kontuan hartuta, lanpostu hori sortzea erabaki du, horren ardurarik hartuko zuen langilerik ez zegoelako. “Nabarmendu nahi nuke, gainera, postu hori konfiantzazkoa izan arren, ez dela udal gobernu honen propaganda egiteko sortu, udal osoaren jardunaz modu objektibo eta gardenean informatzeko baizik”. EAJ izendapenaren aurka agertu zen, zeregin hori, lanaldi osoarekin beharrean, erdiarekin betetzea nahikoa iruditzen zaiolako. Bozketan, EH Bilduren eta PSEren aldeko botoak jaso zituzten bi puntu horiek; EAJk aurka bozkatu zuen.

Galdera-eskaerak: Ucin eta Zumarte

Zumarteko obrez eta hilaren 23an Ucin enpresan sortu zen suteaz galdetu zuen EAJk udalbatzaren amaieran, eta batean zein bestean izan diren azken albisteak azaldu zituzten udal gobernuko ordezkariek. Zumarteri dagokionez, lanak nahi baino geldoago doazela azaldu zuten, eta enpresa eraikitzailearekin, Moyuarekin, hainbat arazo eta desadostasun daudela onartu, "proiektua une oro kuestionatzen ari direlako".

Ucini dagokionez, alkateak jakinarazi zuen atzo bertan jaso zutela gertatutakoak azaltzeko enpresak egindako txostena. Azaldu zuenez, txostenak ez du zehazki esaten zerk eragin zuen sua: sistema hidraulikoak su hartu zuela bai, baina ez zer dela eta. Udal gobernuak enpresari bilera eskatu dio, suteak eragindako ondorioez eta Ucinek eragiten dituen ke isuriei eta usainei aurre egiteko udalak eskatu izan dizkion neurriez aritzeko.

EH Bilduk, bere aldetik, udal gobernuak udazkenean legealdiko plana osatzeko egingo duen prozesuaren berri eman zion oposizioari, baita bertan parte hartzera gonbidatu ere. 2019-2023 legealdian egingo dituzten lanak ordenatu eta, amaieran, lan dokumentu bat sortuko dute. Prozesua Aztikerrek gidatuko du, eta plan hori udalbatza osoaren plana izan dadin egin die gonbita: hurrengo astean bertan ekingo diote zeregin horri.

Horrez gain, urriaren 16an martxan jarriko den Mugiment zerbitzuaren berri eman zuen Larrañagak. Pertsona aktiboak bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean bultzatutako programa bat da. Udalak eta anbulatorioak, elkarlanean, kirola edo jarduera fisikoa egitera animatu nahi dituzte herritarrak: medikuak aholkatuta jo dezakete harengana herritarrek. Interesdunen bizi-ohiturak kontuan hartuta, zein kirol edo jarduera fisiko egin dezaketen aholkatuko die.

Bi formazio saio

Legealdi hasiera denez, zinegotzi guztiek bi formazio ikastaro egingo dituzte hurrengo asteetan. Lehena urriaren 7an izango da, Uemako teknikari Jokin Urangaren eskutik, euskara departamenduak antolatuta. Bigarrenak, parekidetasun departamenduak antolatuta, bi lan saio izango ditu, hiruna ordukoak: urriaren 14an izango da lehenengoa.

Guztira, 40 minutu iraun zuen plenoak. Hurrengoa ez-ohikoa izango da, urriaren 17an, ordenantza fiskalez eta hauteskunde mahaietarako zozketaz hitz egiteko.