Publicador de contenidos

Atrás Aginagan hasi eta, herria zeharkatuta, kaxkoan amaituko da Haurren Eguneko lipdub erraldoia

Bi animatzailek musikarekin girotutako kamioi batek herria zeharkatuko du: irudiak grabatuko dituzte, Haurren Eguna oroitzeko bideo bat egiteko. Usurbilgo Artixten Facebook eta Instagram kontuetatik jarraitu ahal izango dira Haurren Eguneko ekitaldi guztiak.

16·04·2020


Bi ordu inguru luzatuko da Haurren Eguneko lipdub erraldoia: Aginagan hasiko da, 17:00etan, eta kaxkoan, amaitu. Bi animatzailek musikarekin girotutako kamioia izango da, eta, gainera, irudiak grabatuko dituzte, egunaren oroigarri gisa. Hala, kamioia norbere etxepetik pasatzean balkoira ateratzera deitu dituzte herritarrak: Usurbilgo Artixten Instagram kontuaren bidez emitituko da zuzenean.  Kamioia ahalik eta kale gehienetatik pasatuko da, ahalik eta etxe gehienetara iritsi ahal izateko, baina baldintzak tarteko, litekeena da zenbait kaletatik ezin pasatzea. Horregatik erabaki dute Instagram bidez zuzenean ematea, modu batera edo bestera, horren parte izan daitezen etxe guztiak.

Honakoa izango da ibilbidea, gutxi gorabeherako ordutegiarekin: Aginagan hasi [17:00etan: Intxorreta > Elutx kalea > Sekaña > Estrata kalea (Errasti sagardotegia)], Txokoaldera [17:10 inguruan: Galardi etxea > Akerra > San Esteban > Urda > Zabale], Santuenera [17:30 inguruan], Zubietara [17:45 inguruan: Learritze pasealekua > Irigoien kalea > Barazar kalea > Araundi kalea], Txikierdira [17:55 inguruan], Kalezarrera [18:00 inguruan: Belmonte kalea], eta, azkenik, kaxkora [18:05 inguruan: Etxealdia > Txaramunto > Atxegalde > Artzabal > Munalurra > San Inazio > Bordatxo ingurua].

Lipduba amaitzean, 19:00 inguruan, eguna amaitzeko prestatutako azken bi saioak ikusi ahal izango dira Usurbilgo Artixten sare sozialetan: ipuin kontaketa, Yolanda Malaxetxebarriarekin, eta zunba saioa, Betisa Carrascorekin.

Haurren Eguna, sare sozialen bidez

Nork bere etxean ospatuko du Haurren Eguna, gainerakoetan ere ospatzen ari direla jakitun, ordea. Haurren Eguneko ekitaldi guztiak sare sozialen bidez jarraitu ahal izango dira (bazkaria izan ezik), Usurbilgo Artixten Instagram eta Facebook kontuen bidez. Bi kontu horien bidez emango dira denak, kamioi ibiltariarena izan ezik: hori Instagram bidez soilik emango dute.