Publicador de contenidos

Atrás Aginagako saneamendu sarearen zati bat egokitzeko lanak esleitu dira

Otsail hasieran, euri urak eta ur zikinak bereizita jasotzeko lanak abiatuko dira Maioz inguruan. Lanek 22 aste irautea aurreikusten da: ibilbide alternatiboak egokituko dira oinezko eta ibilgailuentzat, bitartean.

22·01·2026


Udalak Aginagako saneamendu sarearen zati bat egokitzeko obra egingo du, Maioz inguruan. Euri urak ibaira isuri eta ur zikinak Loiolako araztegira bideratzea da obren helburua: Eregi Herrilan eta Zerbitzuak enpresari esleitu zaizkio, 384.865 euroan. Obrak otsail hasieran hasi, eta 22 aste irautea aurreikusten da, bospasei hilabete: bitarte horretan, ibilbide alternatiboak egokituko dira oinezko eta ibilgailuentzat.

Añarbek eta Euskal Ur Agentziak saneamenduari lotutako inbertsio garrantzitsua egin dute, azken urteotan, Aginagan eta Txokoalden. Bi erakundeen artean sinatutako hitzarmen baten bidez, Osinalde industriagunetik Aginagaraino egin zituzten lanak: 5,4 milioi euroko inbertsioa izan zen. Obra horren bidez, Urak-ek eta Añarbek ur zikinak Loiolako araztegira eramateko azpiegitura nagusia eraiki zuten: udalak bere eskumeneko sarea egokitu behar du orain.

Maioz inguruko obrek eragina izango dute oinezko zein ibilgailuen mugikortasunean: ibilbide alternatiboak egokituko dira, eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

Udalak, azken urteotan, saneamendu sarea hobetzeko hainbat lan egin ditu: Kalezar, Ugarte eta Ugaldea industria gunean egindako saneamendu lanak eginda, Aginagako kaxkoko sarea berrituko du orain. Aurrera begira norabide berean lanean segitzeko eremuak ere identifikatuak ditu udalak: tartean leudeke Ugartondo-Harane ingurua eta Aginagako beste isurketa guneak eguneratzea.