Publicador de contenidos

Aginagako jubilatuen egoitzako taberna kudeatzeko esleipena, abian

Gaur argitaratu berri ditu esleipena arautzen duten pleguak udalaren webgunean: bihartik aurrera izango da izena emateko aukera, urriaren 23ra bitartean. Kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, eta urtez urte berritzeko aukera izango da, gehienez ere lau urtera arte. Gutxieneko kanona, hilekoa, 25 eurokoa izango da.

08·10·2019


Aginagako Arrate jubilatuen egoitzako taberna kudeatzeko esleipena abiatu du Usurbilgo Udalak. Gaur bertan kaleratu ditu tabernaren eta bertan dauden elementu eta instalazioen kudeaketarako zerbitzu kontratuaren esleipena eta exekuzioa arautzen dituen pleguak. Usurbilgo Udaleko webgunean daude ikusgai, kontratatzailearen profilean. Bihartik aurrera, hamabost eguneko epea izango da proiektuak aurkezteko, bai udaleko erregistroan edota postaz bidalita: urriaren 23a izango da eskaerak aurkezteko azken eguna.

Pleguotan zehazten denez, taberna kudeatzeaz gainera, honako zerbitzu hauek ere bermatu beharko ditu esleipendunak: taberna-jantokiaren mantenua, ustiapena eta garbiketa; komunen garbiketa (nahiz eta erabilera publikokoak izan); eta, tabernatik beheko irteerara doazen eskaileren eta beheko sarreraren garbiketa. Halaber, esleipendunaren betebeharra izango da zahar egoitzako gelen atezaintza-lanak egitea.

Zerbitzua herritar guztientzat zabalik egongo da, Arrate jubilatuen elkarteko bazkide izan ala ez izan. Halere, pleguotan zehazten denez, zerbitzuaren erabiltzaile gehienak erretiratu eta pentsiodunak direnez, esleipendunak errespetuzko tratuan oinarritutako hartu-emanak izango ditu haiekin, eta, gainera, udalak onarturiko prezioak aplikatu beharko dizkie.

Udalak taberna erabat horniturik utziko du. Kontratuari atxikiko zaio, eranskin moduan, udalak kontratistaren esku uzten dituen gauzen inbentarioa. Edonola ere, instalazioen eta ekipamenduen mantenua bermatzeko egin beharreko gastuak berak egin beharko ditu, legez jabearen ardurakoak direnak izan ezik (zehaztapenak plegu administratiboetan jasota datoz).

 

Kontratuaren iraupena eta kanona

Kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, hitzarmena izenpetzen den egunetik kontatzen hasita. Hala ere, kontratuaren indarraldia urtez urte luzatu ahal izango da, beste hiru urtez, gehienez lau urte bete arte.

Prezioei dagokienez, gutxieneko kanona hileko 25 eurokoa izango da (+ %21eko BEZa, 5,25 euro: guztira 30,25 euro). Lizitatzaileek kopuru hori igo dezakete euren eskaintzetan. Edozein kasutan, ez da kanonaren berrikuspenik egingo kontratuaren iraupen osoan zehar.

 

Bestelako eskakizunak

Pleguetan, besteak beste, bi baldintza ezartzen dira. Alde batetik, esleipendunak hizkuntza gaitasuna bermatu beharko du: eman beharreko zerbitzuen izaera kontuan izanik, Europako Erreferentzia Markoaren B2 gaitasun maila (ahozko partea) egiaztatu beharko dute jardueran parte hartuko duten langileek. Beste alde batetik, elikagaien manipulatzaile titulua izan behar dute, legearen arabera horretara behartuta daudenek.

 

Bigarren esleipena

Denbora gutxian egoitza bererako egin den bigarren esleipena da honakoa. Iazko uztailean egin zen lehenengoa, eta ez zen eskaerarik aurkeztu esleipenera. Ez zen esleitu, baina zerbitzu hori eman zedin lanean jarraitu zuen udal gobernuak: gerora, zerbitzu hori emateko prest agertu zenik izan zen, eta kontratu txiki bat egin zitzaion.