Noticias
Atrás

Adostasunik gabe onartu dute Torturen Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren mozioa

EH Bilduk aurkeztutako mozioak egin du aurrera, EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin. Kontramozio bat aurkeztu du EAJk, eta PSE-EEren aldeko botoa jaso arren, kontra bozkatu du EH Bilduk.

25·06·2021


Torturen Biktimak Babesteko Nazioarteko eguna da ekainaren 26an, eta horren harira mozio bat erregistratu zuen EH Bilduk ekaineko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Udalbatzako beste bi alderdien adostasunarekin onartzeko ahaleginak egin arren, azkenean, osoko emendakin bat aurkeztu zuen EAJk, eta bi bozketa egin zituzten. Batetik, EAJren testua ez zuten onartu, jeltzaleen eta PSE-EEren aldeko botoa jaso arren, EH Bilduk kontra bozkatu baitzuen. Bestetik, EH Bilduk erregistratutako mozioa izan zen onartu zutena, taldearen botoekin eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin.

EAJk azaldu zuen Eusko Legebiltzarrean beste testu bat onartu zela, eta, beraz, ez zutela ulertzen zergatik aurkeztu testu alternatibo bat, EH Bildurenari erreferentzia eginez. EH Bilduk, bere aldetik, horren kontra bozkatu zuen “testuingurua falta” zitzaiolako eta Hego Euskal Herrian torturak jasan dituztenak aipatzen ez dituelako: “Ez du aipatzen zenbat torturatu izan diren: errealitate hori ezkutatzen du. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak abiatutako ikerketen ondorioz 5.000 kasu baino gehiago azaleratu dira, eta guretzat ezinbestekoa da torturatuak izan diren pertsonek ez dutelako inolako errekonozimendurik jaso”.

PSE-EEk, bere aldetik, torturaren biktima guztiekin bat egin nahi duela adierazi zuen, eta pairatu behar izan duten biktimizazio bikoitza sentitzen duela. Torturak polizien eskutik pairatu dituztenen abandonua onartu arren, adierazpen instituzional batean zenbatutako kasuak adieraztean ebazpen judizialak oinarri hartuta egitea nahiko lukeela argudiatu zuen. EH Bilduk erantzun zion ez dagoela halakorik: “Tamalez, torturen inguruko ebazpen judizialik ez dago, edo oso gutxi dira, inkomunikaziotik atera, epaileen aurrera joan, eta txikituta zeuden pertsonak ikusita ere beste alde batera begiratu dutelako denek. Oxala egongo balira, baina errealitatea beste bat da”. Nabarmendu zuen Paco Etxeberria forentseak nazioartean onartutako parametroak oinarri hartuta zenbatu dituztela 5.000 kasu horiek, eta ziurrenik ehunka gehiago izan daitezkeela gaineratu. “Adostasun zabalgoak behar ditugu. Urte luzeetan ahaztuak izan eta bitan, hirutan edo lautan izan dira biktima. Penaz hartzen dut adostasun eza, ez direlako gutxi tortura jasan duten usurbildarrak”.

Hala, EH Bilduren botoekin, honakoa onartu dute ekaineko osoko bilkuran:

  1. Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunerako Nazio Batuek egindako deiarekin bat etorriz, torturak Euskal Herriko indarkeria politikoaren testuinguruan duen sakontasuna eta hedadura berariaz onartzen du, zalantzarik gabeko txostenek zenbatutako 5.000 kasu baino gehiago daudela onartu ere.
  2. Krimen horien zigorgabetasuna ez onartzera eta tortura ahalbidetzen duten sistemak (legeria eta auzitegi bereziak, torturaz erauzitako testigantzetan oinarritutako zigorrak...) eraldatzera eta bertan behera uztera deitzen dugu.
  3. Gorputz polizial desberdinen eskuetan tortura fisiko edo psikiko oso larriak jasan dituztenen abandonua eta ahanztura instituzionala salatzen du.
  4. Aitortza Instituzionala egiten dio haien sufrimenduari egia, justizia eta oroimena eskatuz, eta etorkizunean inoiz ez errepikatzeko neurriak hartu daitezen.

EH Bilduren mozioa, osorik.

EAJren osoko emendakina.