Publicador de contenidos

Atrás Adinekoak teknologia digitaletan trebatzeko ikastaroa egingo du udalak

Bideo konferentziak egiten eta Whatsapp aplikazioa erabiltzen ikasteko saioak izango dira. Gizarte zerbitzuetara deituta eman daiteke izena, eta interesdunen arabera antolatuko dituzte saioak.

04·02·2021


Adinekoek bideo konferentziak egiten eta Whatsapp aplikazioa erabiltzen ikasteko ikastaroak egingo ditu udalak. Covid19-ari herri gisa nola aurre egin hausnartzeko herriko hainbat eragilerekin egindako bileran azaleratu zuten adinekoek teknologia digitaletan trebatzeko eskaria, eta horri erantzuten dio, beraz, ikastaro honek. Interesdunen lehentasunen arabera osatuko dira taldeak: gizarte zerbitzuetara deituta eman daiteke izena, eta dei horien bidez jasoko dituzte lehentasun horiek. Bizpahiru asteko epea izango da izena emateko.

Zahartze aktiboa sustatzea du helburu, besteak beste, ikastaroak. “Ongizateaz ari garenean, zahartze aktiboaz ere ari gara. Guztiok desio dugu ondo zahartzea: adinean aurrera egin ahala, gure autonomia ahalik eta handiena izan dadin saiatzen gara”, nabarmendu du Itziar Basterrika Unanue zinegotziak. Adinekoek eurek egindako eskaera bati erantzuten dio ikastaroak. Izan ere, urriaren 28an herriko hainbat eragilerekin bilera deitu zuen udalak, guztien artean hausnartzeko nola aurre egin Covid19-ak eragindako osasun krisiari.

Adinekoak oso kontuan hartu zituen udalak Covid19-aren eztanda izan zenean, sektore zaurgarria izaki. Basterrikak gogoratu duenez, 65 urtetik gorako herritarrei deiak egin zizkien, zer moduz zeuden galdetzeko, laguntzarik behar ote zuten edo maiztasun batekin deitzea nahiko luketen jakiteko. Izan ere, Covid19-ak, arazo berriak sortzeaz gain, lehendik egon bazeudenak areagotu egin zituen, eta horixe gertatu zen arrakala digitalarekin ere. “Covid19-ak etxetik ezin irten utzi gintuen, eta agerian gelditu zen inguruan sare bat dutenek hobeto jasan zutela konfinamendu hura. Teknologia digitalekin abilagoak direnek ere bazuten abantaila gehigarria: etxetik atera ez, baina lagun eta senideekin ohiko bihurtu ziren bideo-deiak haientzat. Aurrez aurreko harremanik ez zen arren, antzeko esperientzia eskaintzen zuten bideo deiek, eta hori, zalantzarik gabe, egoera gogor bat arintzeko modua izan zen asko eta askorentzat”, azaldu du Basterrikak.

Bestelakoa izan zen egoera, aldiz, teknologia berriekin moldatzen ez direnentzat. Duela pare bat aste Berria egunkariak jasotako datu bat eman zuen Basterrikak: “Eurostaten arabera, 65 eta 74 urte arteko Europako Batasuneko herritarrek gaitasun digital apala dute. Adin tarte horretan, soilik %5ek dute 16 eta 24 urte arteko gehienen (%68) gaitasunaren parekoa. Horrek argi eta garbi erakusten du arrakala digitalaren errealitatea”.

Basterrikak gogoratu duenez, Usurbilgo Udala administrazio elektronikora jauzia egiten ari da, pixkanaka: “Batik bat, udal-jardunari lotutako prozesua da, udaletxe barrukoa, Konektatzen leloarekin ezagutzen duguna. Udalarekin digitalki konektatzeko tresnak sortzea bezain garrantzitsua da, ordea, herritarrak tresna horiek erabiltzen trebatzea”. Oraingoz, bideo konferentziak eta Whatsapp aplikazioak erabiltzen ikasteko saioak izango dira, bakardadeari aurre egin eta hurbilekoekin kontaktua edukitzen jarraitzeko tresnak baitira.

Maria Salsamendi gizarte zerbitzuetako buruak azaldu duenez, lau orduko saioak izango dira, bi astetan banatuak. Nork bere telefonoa eraman beharko du saioetara. Presentzialak izango dira, Covid19-a saihesteko neurri guztiak bermatuta. Horregatik, besteak beste, talde txikietan egingo dira. Ez du zehaztu ikastaroak noiz eta non izango diren, interesa dutenei galdetuko baitiete zein lehentasun dituzten. Hala, kaxkoan ez ezik, auzoetan ere antolatuko dituzte saioak, eskaera nahikorik izango balitz.

Gaurtik aurrera eman daiteke izena gizarte zerbitzuetara deituta eman behar da izena (943 37 71 10), eta bertako langileek behar duten informazio guztia emango diete adinekoei. Bizpahiru aste utziko dituzte izena emateko epe gisa.