Publicador de contenidos

Atrás Adierazpen instituzionala, indarkeria matxistaren aurka

Azaroaren 25aren harira, EH Bilduk proposatutako adierazpen instituzionala onartu dute udaleko alderdi politiko guztiek: osoko bilkurak borroka feministaren aldeko konpromisoa bere gain hartu, eta bat egin du mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin.

25·11·2019


Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna da azaroaren 25a, eta horren aurkako adierazpen instituzionala onartu dute Usurbilgo Udaleko alderdi politiko guztiek, EH Bilduk proposatuta. Usurbil “indarkeria matxistarik gabeko herria izateko ardura” bere egin dute adierazpen horren bidez, eta lehentasunezko konpromisoa berretsi dute indarkeria horren adierazpen guztien kontra. “Emakumeak libre biziko diren justizian eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza posible izateko, ezinbestekoa da egungo ordena sozial patriarkala aldatzea eta indarkeria matxistaren erroei erreparatzea”.

Egoeraren larritasuna nabarmendu dute, eta gogorarazi hiru emakume hil dituztela aurten Euskal Herrian. Indarkeria matxistaren aurkako gaitzespena orokortzen ari bada ere, kezkagarritzat jo dute hainbat hedabidetan eraikitzen ari diren errelatoak: “Zorionez, mugimendu feministaren lan kementsuari esker, gure jendartearen gehiengo handi batek erailketa matxistak edota eraso sexistak irmoki gaitzesten ditu. Hedabideetan, gainera, gero eta toki gehiago dute, baina, era berean, kezkagarria da hainbatetan eraikitzen dituzten errelatoak: emakumeak berbiktimizatu egiten dituzte edota euren gain jartzen dute erasoaren erantzukizuna”.

Emakumeek egunero pairatzen dituzten “askotariko indarkeria adierazpenekiko tolerantzia eta inbisibilizazio handia dago”, adierazpenean jaso dutenez, eta ohartarazi “erailketak edo eraso matxistak” ezin direla modu isolatuan ulertu: “Arazoaren muinera, sustraietara jo behar dugu ezinbestean. Erakundeok horren ardura dugu, izan ere, indarkeria matxistak sistema sozial, ekonomiko eta sinboliko honetan du jatorria”.

Horregatik, “arlo guztietan eta indarkeriaren adierazpen guztien gaineko zeharkako lanketa estrategikoa eta iraunkorra” bultzatzea funtsezkotzat jo dute, eta nabarmendu zeregin hori gizartea osatzen duten eragile guztiei dagokiela: “Hala egiten ez badugu, indarkeria matxistari hauspoa ematen jarraituko dugu”. Ildo horretan, “Usurbil feminista baten aldeko aldarrikapena” egin dute.

Horrez gain, mugimendu feministak deitutako mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak: elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etan, Mikel Laboa plazan.

Adierazpena, osorik.