Publicador de contenidos
Atrás Aberri Egunerako adierazpen instituzional bat onartu du udalak, elkarlanerako dei eginez
10·04·2020
Adierazpen instituzionala onartu du Usurbilgo Udalak, 2020ko Aberri Egunaren harira, EH Bilduk eta EAJk adostutako dokumentu batekin, elkarlanerako deia eginez. Horren bidez, dei egin diete herritarrei igandean, 12:30ean, minutu bateko isilunea egitera eta hurbilekoak galdu dituzten eta nahi bezala agurtu ezin izan dituzten familiekin dolua partekatzera. Etxeko balkoietan ikurrina jarri eta bestelako eragileek Aberri Egunerako deitutako ekimenetan parte hartzera ere deitu dituzte herritarrak. Horrekin batera, birusak hildakoen senitartekoei doluminak adierazi dizkiete, eta osasun eta zaintza arloko langileei eskerrak eman dizkiete. Hori guztia dela eta, igandean, masta erdian jarriko dute ikurrina.
Aurtengo Aberri Eguna egoera oso berezian ospatuko dela nabarmendu dute, Covid19 birusak eragindako pandemia eta konfinamendu betean, eta horrek eragindako “arrasto gordina” izan dute gogoan: hildako herritarrak, gaitzak jotakoak eta krisiaren ondorioz euren lanpostua arriskuan dutenak, besteak beste. “Oinarrizko eskubideen bermea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea” aldarrikatu dituzte 2020ko Aberri Egunean.
Gogoan izan dute, halaber, krisi humanitario honek egoera sozial eta ekonomiko latza utziko duela, gainditu ahal izateko herri plan erraldoi bat eskatuko duena. Egoerari buelta eman ahal izateko “ahalmen politikoa” edukitzearen garrantzia nabarmendu dute: “Erabaki guneak erabakiak gauzatu behar diren lurraldeetatik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta eraginkortasun handiagoz erantzungo zaie egoera zailenei. Zer izan nahi dugun erabaki nahi dugu, alboko herrialdeekin zer-nolako harremanak izan nahi ditugun erabaki nahi dugu, bai eta krisi honetatik nola atera eta utziko dituen ondorio lazgarriei erantzuteko ahalmen politikoa izan nahi dugu. Herri honek badu horretarako nahikoa sen demokratiko”.
Osorik: