Noticias
Atrás

A96 (Portalmusu) eta A97 (Komentua) eremuen eraikigarritasuna handitzeko aldaketa puntualari hasiera ematea adostu dute, aho batez

Matiak Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunearen harira egindako eskaria onartu dute uztaileko osoko bilkuran. Besteak beste, bizikidetza unitateentzako pentsatutako bizi osorako alojamenduak eta jarduera fisikorako espazioren bat egin ahal izateko eskatu dute eraikigarritasuna handitzea.

21·07·2021


A96 (Portalmusu) eta A97 (Komentua) eremuen hirigintza eraikigarritasuna handitzeko Arau Subsidiarioen aldaketa puntualari hasiera ematea onartu dute uztaileko osoko bilkuran, aho batez. Zenbait hilabete daramatza Matiak Kalezarren zaintzadun etxebizitzen auzunea eraikitzen. Hain justu, arauetan baimendutako eraikigarritasunaren mugara iritsi da, eta hutsik gelditu diren zenbait espazio erabili ahal izateko egin dio eskaria udalari. Besteak beste, bizikidetza unitateentzako pentsatutako bizi osorako alojamenduak eta jarduera fisikorako espazio bat egin nahi dituzte.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu zuenez, hirigintzari dagokion erabakia izan arren, eskaeraren testuinguru soziala nabarmendu behar da. “Covid19ak erakutsi zuen dena gelditu zen garaian zaintza izan zela gelditu ezin izan zen bakarra. Zahar egoitzak gogor kolpatu zituen Covid19ak, eta adinekoak isolatu behar izan genituen harengandik babesteko”. Solaberrietaren esanetan, dependentzia behar berriak azaleratzen ari dira, eta horiei erantzuteko modu eta zerbitzu berriak behar dira. “Bizi osorako alojamenduak egin ditu Matiak Lugaritzen, eta Kalezarko zentroan halakoak egiteko aukera jarri dute mahai gainean, hutsik gelditu diren espazio batzuk dituztela kontuan hartuta”. Espazio horiek erabili ahal izateko, beraz, beharrezkoa da A96 eta A97 eremuen eraikigarritasuna handitzea, eta halaxe adostu dute osoko bilkuran.

Bizi osoko alojamenduei dagokienez, bizikidetza unitateentzako pentsatuta diseinatu dituzte, bizikideetako batek menpekotasuna duen kasuetarako: izan daitezke bikoteak, anai-arrebak... Horrez gain, jarduera fisikoa egin ahal izateko espazio bat eta aparkalekuak ere sortzeko baliatuko dute aldaketa. “Auzuneak arnasa eman diezaioke Kalezari”, nabarmendu du udal-gobernuak.