Publicador de contenidos

400 euroko bederatzi sari zozkatu dituzte gidabaimena euskaraz lortu dutenen artean

Buruntzaldeko udalen ekimenez, 2023an gidabaimena euskaraz prestatu eta lortu zutenen arteko zozketa egin dute. Elur Zaldua Elortza izan da saritua, Usurbilen.

2024·06·18


400 euroko bederatzi sari zozkatu dira, gaur, Usurbilen. Oxkar Santamaria Pikabea Usurbilgo Euskara zinegotzia eta Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskara zinegotzia izan dira ekitaldian, Gidabaimera euskaraz egitasmoaren Buruntzaldeko udaletako ordezkari gisa.

Buruntzaldeko sei udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) egitasmo bateratua jarri zuten abian, 2009. urtean, gidabaimenaren atal teorikoaren azterketa euskaraz prestatzea sustatzeko. Orduz geroztik, eskualdeko autoeskolekin lankidetzan gauzatzen den egitasmo honen bidez, Buruntzaldeko herritarrei, batez ere gazteei, atal teorikoa euskaraz ateratzeko aukera dutela jakinarazten zaie, eta, pizgarri moduan, 400 euroko sariak zozkatzen dira azterketa gainditzen dutenen artean. Usurbilgo saria Elur Zaldua Elortzari egokitu zaio, eta Oxkar Santamaria Euskara zinegotziaren eskutik jaso du.

Buruntzaldean, honako autoeskoletan presta daiteke gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz:

ANDOAIN: Bengoetxea eta Vallina Cap

HERNANI: Hernani, Lagunak, Otamendi

LASARTE-ORIA: Mugica eta Vallina Cap (berria)

URNIETA: Solozabal

USURBIL: Solozabal

Egitasmo honen hartzaileak gazteak dira nagusiki, D ereduan ikasi duten herritarrak. Hain zuzen ere, euskararen biziberritze prozesuaren baitan, ezinbestekoa delako belaunaldi horiei euskaraz eskaintzea eskolaz kanpoko eta helduen munduarekin lotura duten jarduerak.

Bestalde, autoeskoletako prestatzaileen lana nabarmendu behar da; izan ere, erronka handia izan da formazio hori euskaraz eskaintzea, eta ahalegin handia egin dute hala izan dadin.

Urte hauetan guztietan 1.000 lagun baino gehiagok atera dute gidabaimena euskaraz. Zehazki, 2010etik 1310 lagunek atera dute atal teorikoa euskaraz.

Berriki, kalitatezko eskaintza bermatzeko aurrerapausoak eman dira. Zehazki, bi lan ildo landu dira:

  • 2022-23 ikasturtean, Errenteriako Don Bosco ikastetxean, Goi Mailako D ereduko ziklo bat eskaintzen hasi ziren, autoeskolako irakasleak prestatzeko. Klase teorikoak eta praktikoak euskaraz emateko formazioa jaso dute bertan irakasle gaiek. Orain aterako da lehen promozioa, 2024ko ekainean.
  • EAEko Autoeskolen Federakuntzak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, gidabaimena euskaraz ateratzeko material berria argitaratu du, eskuliburu teorikoak, bideoak eta azterketa egiteko materiala barne. Materiala ordenagailuz zein mugikorrez ere erabili ahal izango da, horrela, nahi den garaian eta tokian ikasteko aukera emanez.

Orain arteko bilakaera datuek erakusten dute 2019az geroztik beherantz egin duela auto-eskoletan izena euskaraz emandako ikasle kopuruak. Azken berrikuntzekin, ordea, aukera polita izango dute gure gazteek, inolako oztoporik gabe, azterketa euskaraz prestatzeko. Buruntzaldeko udalak, behintzat, horretan ahaleginduko gara.

Aurrerapausoak emateko eta euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko jarrera irmoa dugu, eta argi dugu Buruntzaldeko herritarrak gidabaimena ateratzeko orduan ere euskararen aldeko hautua egitera bideratzeko lanean segituko dugula.

Baztertu aurreiritziak eta hautsi inertziak! Gidabaimena euskaraz!