Noticias
Atrás

36ko gerrak Usurbilen izandako ondorioak aztertzen ari den taldea boluntario bila dabil

Lantaldearen esanetan, proiektua gauzatzeko herritarren parte-hartzeak berebiziko garrantzia du. Bilera batera deitu dituzte herritarrak: martxoaren 3an, 18:30ean, Artzabalen.

24·02·2021


1936ko gerrak Usurbilen izandako ondorioak aztertzen ari den lantaldeak herritarrei dei egin die proiektuan boluntario gisa parte hartzera. Ekainean hasi zirenez geroztik, batik bat dokumentazio lanetan aritu dira, artxiboak kontsultatzen, eta hemendik aurrerakoak egiteko ezinbestekotzat dute herritarren laguntza. Boluntarioen taldea sortzeko bilerara deitu dute: martxoaren 3an izango da, 18:30ean, Artzabalgo areto handian.

Proiektuko edozein fasetan parte har dezakete boluntarioek, eta mota guztietako laguntza beharko dute: lan fisikoa egiteko zein kontaktuak egiteko, eta abar. Boluntarioak edozein adinetakoak izan daitezkeela gaineratu dute: “Herriaren ezagutza, baita herritarrena ere, ezinbestekoa izango zaigu lana garatu ahal izateko”. Gaiarekiko interesa duen edonork parte har dezake, beraz, eta “nahi duenak nahi duen horretan eta nahi duen moduan” laguntzeko aukera izango du.

Izan ere, esku artean dutena “herri proiektu bat” da, eta horregatik da hain garrantzitsua boluntarioen sarea osatzea, Aitor Azurkik azaldu duenez: “Usurbilgo herriak betidanik izan du auzolanerako grina, eta hori behar dugu: guk bakarrik ezin dugu egin. Badirudi boluntarioen sare bat gauza oso txikia dela, baina guretzat oso garrantzitsua da: zenbat eta jende gehiago, argazki osatuagoa izango dugulako amaieran”.

Covid19-a dela eta, edukiera kontuan hartu behar denez, bilerara joan nahi duten herritarrei eskatu diete aurrez izena emateko, 36kogerra@usurbil.eus helbidera idatzita. Edozein kontsulta egiteko ere baliatu dezakete herritarrek helbide hori.

Ion Martinek, Aitzol Arroyok eta Aitor Azurkik osatzen dute lantaldea, eta 2020ko ekainaz geroztik ari dira proiektua garatzen. Dokumentazioaren fasea amaitutzat jo dute, eta, orain, parte hartzearena irekitzear dira. Aitzol Arroyoren esanetan, fase honetan “testigantzak, elkarrizketa grabatuak, jendeak etxean gordeta dituen argazki edo dokumentuak...” bildu nahi dituzte.