Publicador de contenidos

Atrás 2024ko udal aurrekontuak onartu dituzte, hasieraz, kontrako botorik gabe

Abenduko osoko bilkuran landu dituzte datorren urteko aurrekontuak: udal-gobernuaren proposamenak EAJren aldeko botoak jaso ditu, eta PSE-EEk abstentziora jo du. Udalak 13.117.569,45 euroko aurrekontua izango du 2024an.

21·12·2023


Usurbilgo Udalak 13.117.569,45 euroko aurrekontua izango du 2024an: EH Bilduren udal-gobernuaren proposamenak EAJren aldeko botoak jaso ditu, eta PSE-EEk abstentziora jo du. Atzo egin zuten abenduko osoko bilkura: erabakia, orain, jendaurrean jarriko dute, GAOn argitaratu ostean, behin betiko onartuta gelditu aurretik.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu zuenez, 2024ko aurrekontuak “herri misioetan eta auzoen eraberritzean sakontzeko” aurrekontuak izango dira, eta, artean bozketa egin gabe bazegoen ere, “adostasunaren aurrekontuak” ere bazirela aurreratu zuen, “oposizioarekin eskuz esku” lan egin baitute: “Udal gobernutik ahalegin handia egin dugu oposiziotik jasotako emendakinak barneratzeko, eta gehienei bide eman diegu. Emendakinek aurrekontuak aberastu dituzte: ezberdinen arteko akordioak herria hobetzeko ekarpenak dira, eta gu beti saiatuko gara adostasun hori bilatzearen alde”.

EAJk ere adostasunera iristeko “gogoa eta borondatea” nabarmendu ditu, eta eskerrak eman dizkio udal-gobernuari. “Uste dugu hau dela bidea herria hobetzen jarraitzeko; oposiziotik ere gauza onak lor ditzakegu usurbildarrentzat, eta espero dugu hau hasiera besterik ez izatea”.

PSE-EEk, bere aldetik, adostasunak lortzeko udal-gobernuaren prestasuna nabarmendu zuen: “Uste dugu hori dela egin behar dena, indar politiko desberdinek arteko elkar ulertzea”. Dena den, abstenitu egingo zela jakinarazi zuen, jasotako partida batzuekin ados ez dagoelako.

Bozketaren aurretik, EH Bildu taldeko bozeramaile Ainhoa Arrozpidek nabarmendu zuen udal-gobernuak beti agertu izan duela adostasunetara ailegatzeko prestasuna, baina horretarako alde guztiek eduki behar dutela borondatea: “Gogo hori egon denean, akordioak egon dira: nire ustez, pauso garrantzitsua da hemen ematera goazena”. PSE-EEri, berriz, erantzun zion “harrituta” zegoela abstentziora jotzeko erabakiarekin: “13 milioi euroko aurrekontu batetik 30.000 eurorekin ados ez zaudela diozu, eta gure ustez hori ez da nahikoa arrazoi abstentziora jotzeko: uste dugu aukera bat galdu dela herri akordio garrantzitsu bat lortzeko”.