Publicador de contenidos

Atrás 2023ko udal zergak, tasak eta prezio publikoak %1,5 igotzea onartu dute, osoko bilkuran

Irizpide orokorra udal zergak, tasak eta prezio publikoak %1,5 igotzea izango bada ere, bi salbuespen izango ditu, kirol zerbitzuei eta urari lotutako prezioetan.

30·09·2022


2023ko ordenantza fiskalak eztabaidatu eta hasieraz onartu dituzte, iraileko osoko bilkuran, EH Bilduren aldeko botoekin: hala, udal zergak, tasak eta prezio publikoak %1,5 igotzea onartu dute, irizpide orokor gisa, bi salbuespenekin. Batetik, kirol zerbitzuetako prezioak eta abonuak %2 igoko dira, Buruntzaldeko udalen artean hala adostu baitzuten, eta, bestetik, iaztik datorren akats tekniko bat konpontzeko asmoz, ur hornidurarekin lotutako hiru tasa izoztea erabaki dute. PSE-EEk kontra bozkatu zuen, eta EAJk abstentziora jo zuen.

Udal-gobernuak 2023ko ordenantza fiskaletarako proposatutako aldaketa guztiak onartu dira, hasieraz, iraileko osoko bilkuran. Irizpide orokor gisa, zerga, tasa eta prezio publikoak KPIaren “oso azpitik” igotzea proposatu dute: %1,5 igotzea, alegia. “Ukrainako gerraren ondorioz, argindarrak eta erregaiek izandako garestitzeak eraginda, KPIak sekulako igoera izan du, %10ekoa; iaz erreferentziatzat hartu genuen azpiko inflazioa bera ere %6koa da une honetan”. Udal taldeak azaldu duenez, prezioen etengabeko gorakada, etxeko ekonomian ez ezik, udalaren egunerokotasunean ere nabaritu da, eta gobernu talde gisa udalaren gastuen eta sarreren arteko oreka ekonomikoa mantentzeko arduraz hartu dute erabakia. Añarbek bere zerbitzuetarako planteatutako igoera ere nabarmendu dute: euren zerbitzuengatik ordaindu beharrekoa %19 igotzea proposatu dute.

Irizpide orokor horrek bi salbuespen izango ditu. Batetik, ohi bezala, kirol zerbitzuetako prezioak eta abonuak Buruntzaldeko udalen artean finkatzen dituzte, eta aurten %2 igotzea adostu dute. Bestetik, iaztik datorren akats tekniko bat konpontzeko asmoz, ur hornidurarekin lotutako hiru tasa izoztea erabaki dute: tarifa finkoa, tarifa aldakorra eta ur-sarera lehenengo aldiz lotzeko tasa. Iaz, azpiko inflazioari jarraituz, udal zergak, tasak eta prezio publikoak %1,5 igo zituzten, baina akats bat tarteko, hiru tasa horiek %3 igo ziren. Kontu hartzailearen esanetan, akats horrek ez du alde esanguratsurik eragin, dirutan, herritarren poltsikoan, baina udalari akats hori zuzentzea dagokio, eta, beraz, hiru tasa horiei ez zaie igoerarik aplikatuko aurten, eta bere horretan utziko dira, izoztuta.

Oposizioa, izoztearen alde

Oposizioko alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, ordenantza fiskalak izoztearen alde egin zuten. EAJk, abstentziora jo zuen, argudiatuta aurten egoera ekonomikoa duela bi urte baino egoera larriagoa dela, eta, beraz, aurten ere ordenantza fiskalak izoztu behar liratekeela. PSE-EEk, berriz, udal taldearen erabakiaren aurka bozkatu zuen. “Iaz, izoztearen alde nengoen, eta aurten ere bai: Usurbilgo Udalak baditu baliabide ekonomikoak, nahiz eta kudeaketa zaila izan arren”.

Udal gobernuak “diskurtso erraz eta demagogo samarra” egitea egotzi zien bi alderdiei. “Badakigu herritarren egoera zaila dela, baina udalaren oreka ekonomikoa bermatzea dagokigu. Iaz, larrien dauden herritarrentzako hobariak jarri genituen martxan, eta zuek ez zenuten hobari horien alde bozkatu. Hobariak dira, hain zuzen ere, egoera zaurgarrienean daudenei laguntzeko tresnarik onena, oinarrizko zerbitzu eta tasetan %50, %75 eta %90eko hobariak jaso ditzaketelako”. Udal taldearen esanetan, ordenantza fiskalak izozteak mesede nori egiten dion aztertu behar da: “Beharrik ez duenari eta baduenari neurri berean izoztea dakar. Ordenantza fiskalak ere herritar guztiei zabalduta daude, baina mesede gehiena gehien behar dutenei egiten die”.

Azken legealdiko ordenantza fiskalak

Udal taldeak 2019-2023 legealdian ordenantza fiskaletan egindako ibilbidearen errepasoa egin zuen. Lehenengo urtean, zuhurtziaren printzipioa aplikatuta, urte hartako KPIa igotzea erabaki zuten. Bigarrengoan, pandemiak eztanda eginda, 2021eko zergak, tasak eta prezio publikoak izoztea erabaki zuten. Horrez gain, neurri ekonomiko gehiago ere hartu zituzten 2020an, pandemiaren testuinguruan: zergen ordainketa alarma egoerak iraun beste atzeratu zuten, eta erabili gabeko zerbitzuen tasarik ez zitzaien kobratu ez herritarrei ez tokiko enpresei. Iaz, KPIa %3an bazegoen ere, azpiko inflazioa hartu zuten erreferentzia gisa, eta %1,5 igo zituzten zergak, tasak eta prezio publikoak.

Horrez gain, hobariak eskatzeko aukerak zabaldu zituen, arautegi propioa osatzearekin batera, “pertsonak erdigunean kokatu eta kolektibo zaurgarrienengan begirada jarrita”. Urtarriletik abuztura, hobariak jasotzeko 150 eskaera jaso ditu udalak, eta 115i aitortu zaie hobarien onuradun izateko eskubidea. Aurten ere hobariak sustatzeko lanean jarraituko duela nabarmendu du udal taldeak.