Publicador de contenidos

2022ko aurrekontuak hasieraz onartu dituzte, EH Bilduren botoekin

EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten, haien esanetan, euren ekarpenak aintzat hartuak izan ez direlako. GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean, hamabost laneguneko epea izango da alegazioak aurkezteko.

26·11·2021


2022 urterako udal-aurrekontuak onartu dituzte, hasieraz, azaroko osoko bilkuran. EH Bilduren botoekin egin du aurrera aurrekontu proposamenak; EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dute. Erabakia GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, hamabost laneguneko epea zabalduko da nahi duenak alegazioak egin ditzan. Halakorik ez bada, litekeena da urtea amaitu aurretik behin betiko onartuta gelditzea 2022ko aurrekontuak.

Osoko bilkuran eztabaidatutako puntu guztien artean denbora gehien hartu zuen puntua izan zen aurrekontuena. Aurrez publikoki aurkeztu bazituzten ere, osoko bilkuran proposamenaren zertzelada nagusiak eman zituen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Oposizioko alderdiei hitza eman aurretik, Solaberrietak nabarmendu zuen batzuek zein besteek egindako zenbait ekarpen, izatez, aurrekontu proposamenean sartuak zeudela, eta beste batzuk ez dituztela sartu ez dagozkiolako udalari.

Hain zuzen, hori argudiatu zuten EAJk eta PSE-EEk, euren ekarpenak ez zirela aintzat hartuak izan. EAJren ustez, “egunean eguneko aurrekontuak” aurkeztu ditu udal-gobernuak, eta kezka agertu zuten superabit arrunta eta inbertsioak behera doazelako. PSE-EEk esan zuen berak bestelako aurrekontuak aurkeztuko lituzkeela, Udalbiltzara bideratutako partidari erreferentzia eginez, baina zilegi dela nork bere ideiak defendatzea. Horrez gain, udal-gobernuak ez dituela hark egindako ekarpenak onartu, eta hori tarteko aurka bozkatuko zuela iragarri zuen.

EH Bilduk errepikatu zuen, EAJri erantzunez, euren ekarpenak jada jasota zeudela proposamenean, udal-gobernuak sartuta, eta inbertsiotzat zer jotzen den ezbaian jarri zuen. “Guretzat gizarte babesa inbertsioa da. Zementura eta obretara diru gutxiago bideratu eta gizarte beharrak eta tokikoaren beharrak lehenestea erabaki politikoa da: guretzako hori da lehentasuna momentu honetan”. Zenbait gai “egoskorkeriaz” errepikatzea ere leporatu zien: “Pena ematen dit behin eta berriz esplikatuta dauden gauzekin topo egiteak”. PSE-EEri, berriz, ezezko botoa behar beste ez argudiatu izana leporatu zion: “Egin dituzun ekarpen horiek jada egiteko asmoa bagenuen, eta ekarpenok erakusten dute ez dela ulertzen nola antolatzen diren aurrekontuak; ezezko bozka emateko oso argudio sinpleak eman dituzu”.