Publicador de contenidos

Atrás 2021eko aurrekontuak likidatuta, udalak 1,5 milioi euro gehiago ditu erabilgarri 2022an

Diru horren zati bat, milioi bat euro, hainbat obra eta bestelako inbertsioetan erabiliko ditu, eta gainerako 500.000 euroak, oraingoz, gorde egingo ditu, “zuhurtziaz”, martxan dauden inbertsioetan prezioak igoko balira, horiei aurre egin ahal izateko.

29·04·2022


Usurbilgo Udalak 1,5 milioi euro gehiago ditu erabilgarri 2022an, 2021eko aurrekontuak likidatu ostean. Urtero, lehen hiruhilekoan, aurreko urteko diru-kontuak likidatzeko garaia izaten da, eta, ondoren, udaleko osoko bilkurari eta Gipuzkoako Aldundiari jakinarazi behar izaten zaio emaitza. Halaxe egin zuen atzo, apirileko osoko bilkuran, udaleko kontu-hartzaileak. Horrez gain, beste datu garrantzitsu bat ere eman zuen: udalaren zor bizia %12koa da, eta, haren esanetan, udalaren diru kontuak “oso osasuntsu” dauden seinale da hori.

Orain, 1,5 milioi euro horiekin zer egin aztertzen ari da udala. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak jakinarazi zuenez, proposamen bat taxutzen ari da udal-gobernua, eta hurrengo ogasun batzordean aurkeztuko diote oposizioari. Dena den, proposamen horren zenbait alderdi aurreratu zituen. Batetik, diru horren zati bat baino ez dute erabiliko: zehazki, milioi bat euro hainbat obra eta bestelako inbertsioetara bideratuko ditu, eta, gainerako 500.000 euroak, oraingoz, gorde egingo dituzte. “Zer nolako ziurgabetasuna dagoen ikusita, prezioak zenbat garestitzen ari diren ikusita, zuhurtziaz, gordetzea erabaki dugu, udalak etor daitekeenari aurre egiteko modua izan dezan”, azaldu zuen Solaberrietak. Bestetik, erabiliko duten zatia zein proiektutara bideratuko duten ere aurreratu zuen: San Esteban kalea irisgarri egitea, Zumartegiko ibai ertza berreskuratzea, Sutegiko fatxada egokitzea eta Aginagako Elutx bidea egitea.

Proiektu bakoitzaren zenbait zertzelada eman zituen. San Esteban kaleari dagokionez, udala proiektua erredaktatzen hasia da, eta aurten bertan exekutatu nahi dute. Horren aurretik, auzotarren eta herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte, eta, hori egindakoan, lizitatzera atera. Zumartegiko ibai ertzari dagokionez, proiektua idatzita dago, eta, gainera, udalak 150.000 euroko dirulaguntza bat jaso du hori gauzatzeko. Sutegiko fatxada, berriz, iaz egitekoa zen udala, baina bertan behera utzi behar izan zuen, lizitazioa eskuratu zuen enpresak, besteak beste, ez zuelako eskatutako dokumentazioa aurkeztu. Proiektu horren kasuan, 90.000 eurokoa zen proiektuaren kostua, baina tartean izandako hornikuntza arazoak eta prezioen gorakada tarteko, 65.000 euro garestiagoa izango da, azkenean. Aginagako Elutx bidearen kasuan, Solaberrietak jakinarazi zuen hitzarmen “potolo” bat lortu duela udalak hango lurjabeekin, HAPOari lotuta, eta maiatzeko osoko bilkurara eramango dutela: proiektu hori ere idazten ari dira, eta aurten jarri nahi dute martxan.

Zor bizia: %12aren azpitik.

Kontu-hartzaileak jakinarazi zuenez, udalaren zorpetze maila %11,83an zegoen 2021eko abenduaren 31n. 2022rako onartutako aurrekontuetan milioi bateko mailegua eskatzea aurreikusi zenez, zorpetzea %18 ingurura igoko dela aurreratu zuen: “Legealdi hasierako mailara itzuliko da”. Dena den, nabarmendu zuen zor bizia udalaren diru kontuen osasun onaren adierazle dela: “Gurea bezalako udal batean, zor bizia %10-12 ingurukoa denean, oso osasuntsu gauden seinale da: legeak %70 bitarteko zorra baimentzen die udalei, eta zifra horretatik oso urrun gaude”.

2021eko aurrekontuen exekuzio maila.

Kontu-hartzaileak 2021eko aurrekontuak zenbateraino bete diren ere azaldu zuen osoko bilkuran. Hasierako aurrekontua (12,9 milioi eurokoa) erreferentziatzat hartuta, “nahiko era txukunean” bete dela nabarmendu zuen. “Sarrerak %102an bete ziren, hau da, osorik exekutatu ziren. Gastuetan ez hainbeste: osotara, %85,9 bete da. Inbertsioei soilik begiratzen badiegu, %59 besterik ez”.

Hasierako aurrekontuari urtean zehar txertatutako inbertsioak kontuan hartuta, berriz, exekuzioa apalagoa da: sarrerak %85ean eta gastuak %71n geratuko lirateke. Eta gastu horien barruan, inbertsioetara joz gero, %30 baino ez zen exekutatu. Kontu-hartzaileak horren zergati nagusia eman zuen: Txirikorda. “Kredituetan 2 milioi euro dauzkagu gordeta, adjudikatuta, baina horietatik 100.000 euro baino ez ziren iritsi obligazioetara 2021eko abenduaren 31ra arte. Proiektuaren exekuzioa ez da amaierara iritsi, eta horrek eragiten du jaitsiera”.

Inbertsioetako gastuen ehuneko baxuen zergatiaz galdetu zuen EAJk. Solaberrietak erantzun zion ezin dela, urtebetean, obrak adjudikatu, egin, zertifikatu eta ordaindu, eta, beraz, urtero errepikatuko dela gauza bera. “Lehen Zumarte izan zen, orain Txirikorda. Ehuneko horiek ez dute esan nahi inbertsioak egiten ari ez garenik: obrak hastea asko kostatzen da, eta asko urtearen bigarren erdian hasten badira, hurrengo urtean ordainduko dira, ez lehenago”. Halaxe gertatu zen Zumarteko obrarekin, eta Txirikordarekin ere halaxe gertatuko dela aurreikusten da.