Noticias
Atrás

2021-2025 aldirako bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia, martxan

Eskabideak aurkezteko epea azaroaren 18tik abenduaren 18ra bitartean izango da, biak barne.

17·11·2021


Urriko osoko bilkuran hala erabaki ostean, Usurbilgo Udalak bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia abiatu du 2021-2025 aldirako. Gaur bertan argitaratu dira deialdiaren oinarriak GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean: bihartik (azaroaren 18a) abenduaren 18ra bitartean izango da eskabideak aurkezteko epea.

Oinarrietan azaldu dutenez, interesdunek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute adieraziz deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eta legeak xedatutako ezgaitasunik edo bateraezintasunik ez dutela. Halaber, hautaketa prozesuari begira egoki iritzitako merituak aurkeztu beharko dituzte, baita curriculum vitae-a ere. Baloratu ahal izango diren merituak dira bizilekua, curriculuma eta euskararen ezagutza.

1. Bake epaile izateko betebeharrak.

— Espainiar herritartasuna izatea eta adinez nagusia izatea.

— Eginkizun judizialerako ezgaitua ez izatea, ez fisikoki ez psikikoki.

— Eskubide zibil guztien jabe izatea.

— Maltzurkeriazko delituengatik kondenatua ez egotea, birgaitasuna lortzen ez den bitartean.

— Maltzurkeriazko delituengatik, auzipetu edo errudun ez izatea, askapena edo largespena lortzen ez den bitartean.

2. Gaitasun eta bateragarritasun baldintzak.

— Interesdunek bermatu beharko dute Botere Judizialaren Lege Organikoko 101. artikuluan eta ondorengoetan eta 1995eko ekainaren 7ko Bake Epaileen 3/95 Erregelamenduan jasotzen diren bateragarritasun eta gaitasun-baldintzak betetzen dituztela.

— Ez da titulazio berezirik eskatzen, bake epailearen betebehar eta eginkizunak betetzeko behar adinako gaitasuna izatea baizik.

— Jarduera profesionalak edo merkataritza-jarduerak egiteko bateragarritasuna dute, baldin eta horiek inolako aholkularitza juridikorik eskatzen ez badute, eta jarduera horren izaerak inpartzialtasuna edo independentzia ekidin edo murrizten ez badu, eta betebehar judizialak aurrera eramatea galarazten ez badu.

— Ezingo dute alderdi politiko edo sindikatuetako partaide izan edo horien zerbitzura egon, ez udal hauteskundeetan edo hauteskunde legegileetan parte hartu, ezta Botere Judizialeko kide gisa inolako ekintza edo bilera publikoetan parte hartu ere, horiek izaera judiziala ez baldin badute.