Publicador de contenidos

Atrás 2019-2023 Legealdiko Plana aurkeztuko du udal-gobernuak hilaren 31n, Sutegin

Lau urterako zereginak dokumentu batean antolatu ditu udal-gobernuak, udaleko langile, teknikari zein ordezkari politikoek lanerako erreferentzia gisa izan dezaten: legegintzaldiko erronka nagusiak zeintzuk izango diren aurkeztuko dizkiete usurbildarrei hilaren amaieran.

15·01·2020


Udal-gobernuak 2019-2023 legealdirako bide-orria diseinatu du, eta urtarrilaren 31n aurkeztuko die herritarrei, Sutegiko erakusketa gelan. Legegintzaldiak irauten duen lau urteetan zer eta noiz egin zehaztu dute dokumentu horretan: udal-gobernuko kideen eta udaleko teknikarien zein langileen artean osatu dute, Aztiker ikergunearen laguntzarekin. Udal-gobernuan dagoen EH Bilduren hauteskunde programako neurriak izan dituzte oinarri Legealdiko Plana osatzeko, baina horiek ez ezik, lehendik martxan dauden proiektuek ere jarraipena izango dute legealdi berrian.

Urritik abendura bitartean egindako hainbat bilera eta lan-saiori esker egin dute dokumentu hori. Lehen-lehenik, galdetegi bat bidali zieten udaleko langile, teknikari eta ordezkari politiko guztiei: denen ekarpenak kontuan hartuta egin zuen lehenengo zirriborroa Aztikerrek. Gero, langileen arteko lan-saioan, zirriborroaren inguruko ekarpenak jaso zituzten, eta behin betiko dokumentua osatu, alegia, udaleko langile guztientzat 2019-2023 legealdirako erreferentziazkoa izango den lan dokumentua.

Herriari begirako lanak ez ezik, udal barruan egin beharrekoak ere barne hartu ditu lan-dokumentu horrek. Izan ere, legealdiko erronka handienetako bat digitalizazioa izango da: administrazio elektronikorako trantsizioa, alegia. Udala berrantolatzea ezinbestekoa da horretarako, eta hainbat aldaketa eragingo ditu udaletxeko espazioari, artxiboari eta herritarren harrera zerbitzuari dagokienez. “Lan potoloa izango da, eta, horregatik, trantsiziozko legealdia izango da hau, alegia, Usurbilgo Udalak administrazio elektronikora jauzi egiteko legealdia”, azaldu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.

Otsailean, hain zuzen, langile bat kontratatuko du udalak zeregin horri ekiteko. Aldaketa ugari ekarriko ditu barne-funtzionamenduari begira: lan egiteko moduak eta ohiturak aldatu beharko dira. Modu horretan, herritarrei zerbitzu “hobea eta eraginkorragoa” ematea da helburua, Solaberrietaren esanetan.