Publicador de contenidos

1936ko Gerra Usurbilen: erresistentziaren lubakiak eta izen-abizenak, argitara

Espainiako Gerra Zibila Usurbilen nola bizi izan zuten aztertzeko hitzarmena sinatu du udalak Ion Martinekin, Aitzol Arroyorekin eta Aitor Azurkirekin: hiru urterako proiektua izango da. Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte, euren lekukotza ematera, herritar guztien memoria osatzeko.

18·06·2020


Zer gertatu zen Usurbilen, 1936an, faxistak herrian sartu zirenean? Nortzuek egin zieten aurre? Zeintzuek jo zuten erbestera? Zein izan zen emakumearen rola gerran? Non daude garai hartako lubakiak? Galdera horiei eta beste hainbati erantzuteko proiektu proposamena aurkeztu diote udalari Ion Martinek, Aitzol Arroyok eta Aitor Azurkik, memoria historikoa osatzeko helburuarekin: hiru urterako hitzarmena sinatu berri dute.

Proiektuaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, Gipuzkoan, oro har, orain arte 1936ko gerraz kontatu denak hutsuneak ditu, eta beharrezkoa da horri aurre egitea. “‘Gipuzkoako kanpaina’ erraz gauzatu zutela nabarmendu dute beti, eta hori ezin dugu inondik inora onartu: Irunen, Donostian, Eibarren, Elgetan, Usurbilen, Hernanin, Lasarte-Orian eta abarrean, herritarrek erresistentzia eta duintasun handia erakutsi zuten”, azaldu dute sustatzaileek. Haien esanetan, kontatu ez den historiaren parte bat existitzen da, “historia txikia, etxeko sukaldeetan mantendu dutena, artxiboetan ezkutaturik dena”. Hori dela eta, usurbildarren memoria osatu nahi dute. “Herri-inguruak eta mendi magalak borroka leku latz bilakatu ziren, gerra lehen lerrotik gogorki biziz, eta Usurbil herri horietako bat dugu, zalantzarik gabe”.

Aurtengo udan bertan hasi eta 2022ko udazkenean bukatzea aurreikusi dute proiektuaren bultzatzaileek, eta bost zatitan sailkatu dituzte egin beharreko lanak. Lehengo faseari dagokionez, ikerketa lana egingo dute: Euskal Herriko zein Espainiako zenbait artxibo publiko eta pribatutan iturrien hustuketa egingo dute. Lortutako dokumentazio guztia antolatu, jada ezagunak diren datuekin kontrastatu eta egiaztatu egingo lituzkete, ondoren. “Izen-abizenak berreskuratu nahi ditugu, zeintzuk izan ziren faxismoari aurre egin zioten usurbildarrak, zeintzuk faxismoak errepresaliatu zituenak, erbestera joandakoak… Historia txiki asko eta asko dago oraindik Usurbilen berreskuratzeko: herriaren memoria dugu berreskuratzeko”, azaldu dute.

Bigarren fasean, gudaleku esanguratsuak berreskuratzeari ekingo diote: “‘Usurbilgo Frontea’ deitu zitzaion gunea hainbat lubakik eta erretagoardia posiziok osatzen zuten: horiek guztiak ahanzturan murgildurik daude egun”. Horiek bilatu, txukundu eta ezagutaraztea dute xede. Horren ostean, parte-hartze prozesu bat zabalduko dute: etxeetan gordeta dauden dokumentu, argazki edo lekukotzak jaso nahi dituzte, eta, horretarako, Memoriaren bulego bat jartzea proposatu dute, herritarrei harrera egin eta testigantza horiek guztiak jasotzeko. “Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da proiektu honetan, euren kaxoi eta armairuetan gorderik dituzten argazki eta dokumentuak behar-beharrezkoak baititugu Usurbilen historia gorpuzteko. Horrez gain, herritarren testigantzak ere filmatu eta batu nahi ditugu, ahozko memoria oinarrizkoa baita ere bai”, azpimarratu dute.

Laugarren fasean, erakusketa bat egingo dute bildutako material guztiarekin: 2021eko irailaren 19an inauguratu nahiko lukete, tropa faxistak Usurbilen sartzearen 85. urteurrena izango baita. “‘Justizia poetiko’ gisa edo, data hura erabili nahiko genuke herriaren askatasun eta demokrazia sinbolo bezala, Usurbil faxismoari gailendu zaiola azaltzeko erakusleiho gisa”. Azkenik, informazio guztia bilduko duen liburu, dokumental edota webgune bat ere taxutuko dute udalarekin batera. Lehenago egin izan dira 1936ko gerrari buruzko lanak, baina ale solteak izan dira, eta proiektu honek ikuspegi osoagoa izango du.

Eskarmentu handiko lantaldea

Ion Martin usurbildarra, Aitzol Arroyo historialaria eta Aitor Azurki kazetaria dira proiektuaren bultzatzaileak. Azken hiru urteak Euskal Herriko hainbat frontetako aztarnen ikertzaile ez profesional gisa aritu da Martin, memoria historikoa berreskuratzen lan egiten duten elkarteekin batera.

Arroyok lan ugari egin du memoria historikoaren inguruan; besteak beste, Irungo Memoria Historiko teknikaria izan da, eta Jesus Carrera Olaskoaga komunista hondarribiarraren desobiratzea ahalbidetu zuen ikerketa gauzatu du. Beste hainbat alorretan ere laguntzen jardun du. Azken urteotan, zehazki, Amaiurko, Asteasuko, Adunako eta Zizurkilgo indusketa arkeologikoetan aritu da.

Azurkik ibilbide luzea du egina memoria historikoaren eta giza eskubideen alorrean: makina bat erbesteratu eta preso elkarrizketatzeaz gain, Maizales bajo la lluvia (2011) liburua idatzi zuen, azken gudari eta milizianoen gerrako testigantzak jasoz, tartean, Manuel Goenaga usurbildarrarena.

Azkenik, 2019 eta 2020. urteetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean ‘Erresistentzia eta duintasuna. Gerra Zibila Gipuzkoan’ izeneko erakusketa antolatu dute Arroyok eta Azurkik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.