Publicador de contenidos

Martxan dago Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa

Hamasei bizilagunekin abiatu da Txirikorda: 18 eta 30 urte arteko 12 gazterekin eta 65 urtetik gorako lau heldurekin. Udalak 2,4 milioi euroko inbertsioa egin du. Eusko Jaurlaritzaren 640.000 euroko dirulaguntza erabakigarria izan zen proiektua gauzatu ahal izateko. Hamasei etxebizitzatik hiru hutsik daude, helduentzat gordeta: horiek betetzeko aukera emango du udalak, izena emateko epea irekita: maiatzaren 9tik ekainaren 10era, biak barne.

2024·05·08


Martxan dago, azkenik, Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa, herriko bi kolektibo batuta: 18 eta 30 urteko gazteak eta 65 urtetik gorako helduak. Proiektu honen bidez, bi kolektibo horiek etxebizitzari lotuta dituzten beharrak ase nahi dira. Guztira, hamasei bizilagunekin abiatu da Txirikorda: 12 gazterekin eta lau heldurekin. Horren berri eman dute gaur, prentsaurrekoan, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Txirikordako hiru bizilagunek, Olatz Askorreta Basterrikak, Leire Arregi Iruretak eta Ofelia Moraima Rodriguez Peñalverrek.

Solaberrietak azaldu duenez, Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioak 2019an egindako parte-hartze prozesu batean du jatorria. Prozesu horretan, egungo etxebizitza ereduaren arazoak azaleratu ziren, eta fokua, batez ere, gazteengan eta adineko pertsonengan jarri zen: gazteek emantzipatzeko zailtasunak dituzte, eta helduek, maiz, bizitzeko toki egokiak falta dituzte, eta zenbait kasutan, bakardadeari aurre egin nahi diote. Hala, bi kolektiboak elkartu (18-30 urte eta 65 urtetik gorakoak) eta izaera publiko-komunitarioa izango duten etxebizitzak irudikatu zituzten.

Udalak inbertsio handia egin du Txirikorda gauzatu ahal izateko: “Guztira, 2.400.000 euro inguruko inbertsioa izan da. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza garrantzitsua lortu genuen, bere garaian, 640.000 eurokoa, eta proiektua gauzatu ahal izateko erabakigarria izan zen”.

Alkateak azaldu duenez, Txirikordak bi lanketa paralelo izan ditu: eraikuntzari zegokiona eta proiektu sozialari zegokiona. Eraikinari dagokionez, udalak arazoak izan ditu proiektua eraikitzeko kontratua esleitu zitzaion Murias enpresa eraikitzailearekin. Lanak ia amaitzear zeudela jakin zuen udalak Murias ez zela ari ordaintzen Txirikordan lanean ari ziren azpikontratatutako beste enpresei. Udalak Muriasekin negoziatu zuen, akordioa lortu ere egin zuten, baina, gero, Muriasek, ez zuen emandako hitza bete. Beraz, administrazio publikoan ezohikoa den erabaki bat hartu behar izan zuen udalak: Muriasekin zuen kontratua eten, eta egiteko zeuden gainerako lanak bere gain hartu zituen. Arazo horiek Txirikorda martxan jartzeko eguna atzeratu dute ia urtebetez, eta eragindako kalteen ordaina eskatua dio udalak enpresari, 200.000 euro ingurukoa.

Proiektu soziala, Zabalduz-ekin

Proiektu sozialari dagokionez, udalak ezinbestekotzat jotzen zuen Txirikordako bizilagunek elkar ezagutu eta elkarbizitzarako eta funtzionamendu egokirako saio batzuk egitea han bizitzen jarri aurretik. Horretarako, Zabalduz kooperatiba kontratatu zuen, bizilagunen prozesu hori gidatu zezan, Txirikorda eraiki bitartean. “Zabalduz-ek egindako lana funtsezkoa izan da”, Askorretaren esanetan.

Izan ere, etxeak esleitu zitzaizkienetik gaur egun arte Zabalduz-ekin egindako bidea azaldu du Askorretak. Iazko ekainean, batik bat elkar ezagutzeko saioak egin zituzten: “Gazteon artean gehiago ezagutzen ginen, adin bertsukoak garelako, baina helduak eta gu ez ginen hainbeste ezagutzen”. Irailetik aurrera hasi ziren barne araudiari lotutakoak adosten. “Teorian landutako guztia praktikan jartzea dagokigu orain”, nabarmendu du. Askorretak, gainera, gazteen eta helduen arteko elkarreraginaren lehenengo zantzuak nabarmendu ditu: “Gazteak gehiago gara, kopuruz; saltsa askotan gaude sartuta, eta askotan adinekoek frenoari eman diote: uste dut enpatia lanketa handi bat egiten lagundu digula honek”.

Askorretak egindako prozesuari ere garrantzia eman dio, Txirikorda ez delako etxebizitza arrunt bat: “Uste dut hau ez dela edozeinentzat. Emantzipatzeko aukera izugarria da, baina jakitun izan behar dugu honen oinarrian proiektu komunitario bat dagoela, eta ezin dugu hori alboratu”.

Saio horietan adostutako bizikidetza arauak Txirikordako ordenantzan jasota gelditu dira, eta horri egin dio erreferentzia Rodriguezek azaldu duenez: “Erabakiak taldean hartzen ditugu. Barne araudi bat daukagu, eta udalaren ordenantzan jasota dagoena; dokumentu horretan daude jasota, baita ere, gure eskubideak eta betebeharrak”. Nabarmendu duenez, Txirikordako espazio komunitarioak herritarrei irekiak izan daitezen nahi dute: aurrez eskatu eta txukun uztea dira baldintzak. Proiektuaren izaera kolektiboari jarraiki, ur eta argindar gastuak ere komunitarioak izango direla azaldu du: “Horrek gutako bakoitza behartuko du lehengaiak neurri gabe ez kontsumitzera”.

Arregik azaldu duenez, asanbladak bi astetik behin egiten dituzte: “Arazoren bat bada bertan komentatzen dugu”. Momentuan dituzten beharrak aintzat hartuta, hiru talde finko egin dituzte: komunikaziorako lantaldea, udaletxearekin harremanetan dagoen lantaldea eta inaugurazioa prestatzekoa. “Beti talde berak mantentzen dira, eta, zerbait bada, asanbladan hitz egin eta hartzen dira erabakiak”.

Espazio pribatuak eta komunitarioak

Espazio komunitarioak

Txirikordako bizilagunek elkarbanatuko dituzten espazio komunitarioak honakoak dira: sukalde-jangela, egongela, terraza eta arropa garbitzeko espazioa. Horrez gain, Txirikordako bizilagunek ez ezik auzotarrek eta herritarrek erabili ahal izango duten erabilera anitzeko gela bat ere badute.

Espazio pribatuak

Guztira, 16 etxebizitza edo apartamentu txiki ditu: bi logelako lau etxe, eta logela bakarreko hamabi. Oraingoz, hamahiru etxe bete dira: bi logelako hiru etxe eta logela bakarreko hamar. Hasieratik, kolektibo bakoitzari etxe kopuru bera eskaintzea izan da udalaren asmoa, alegia, zortzina. Kolektiboren baten kasuan etxebizitza guztiak beteko ez balira, gutxienez hiru etxebizitza erreserban uztea erabaki zen, aurrerago kolektibo horretako norbait animatuko balitz aukera izan zezan. Azkenik, honela banatu dira etxebizitzak:

  • Gazteei bideratutako etxebizitzak: 8+1+1.
    • Gazteei zuzendutako zortzik etxebizitzak hasieratik bete ziren.
    • Hasieratik, baita ere, helduei zuzendutako etxebizitza bat gazteei eskaini zitzaien: helduei zuzendutako etxeak esleitu eta erreserban utzitako hiruez gain, etxebizitza bat libre gelditu zen.
    • Etxebizitzak esleitu zirenetik, kontratuak sinatu arte, baja bat egon da helduen kolektiboan, eta, beraz, heldu horren etxebizitza ere gazteei eskaini zaie.
  • Helduei bideratutakoak: 3 (+3 hutsik).
    • Helduen kolektiboan, jasotako sei eskaeretatik lau izan ziren onartuak: hasieran, beraz, lau etxebizitza esleitu ziren.
    • Gainerako lau etxeetatik hiru erreserban utzi ziren, hutsik, etorkizunean kolektibo horretako norbaiti eskaintzeko aukera izateko; laugarrena, gazteen kolektiboari eskaini zitzaion, zuzenean.
    • Etxebizitzen esleipena egin zenetik kontratuak sinatu zirenera arte, baja bat egon da helduen kolektiboan, eta, beraz, heldu horren etxebizitza ere gazteei eskaini zaie.

Kolektiboa

Etxebizitzak

Lagun kopurua

Beteak

Hutsak

Gazteak / 18-30 urte

8+1+1

0

12

Helduak / 65 urte +

3

3

4

Guztira

13

3

16 etxebizitza / 16 bizilagun

Denen kasuan, errentamendua bi modutakoa izango da. Batetik, dirutan ordaindu beharrekoa (90 eta 300 euro arteko alokairuak dira), eta bestetik, hilero egin beharko duten lan komunitarioa, guztira, zortzi ordu: ordu horiek Txirikorda komunitateak berak kudeatuko duen ordu-bankuaren bidez kudeatuko da. Errenta ekonomikoari dagokionez, gazteen kasuan, bakoitzaren diru-sarreren araberakoa izango da, dituzten sarreren %15ekoa izango baita bakoitzaren alokairua. Diru-sarrera finkorik ez dutenen kasuan, gutxieneko errenta bat ezarri da. Helduen kasuan, errentak pentsioaren araberakoak izango dira.

Kontratuak bost urterako izango dira: gazteen kasuan, ez dira luzagarriak izango, eta helduen kasuan, bai; gizarte zerbitzuek baloratuko dute kontratua luzatzeko baldintzak betetzen diren.

Hiru etxebizitza betetzeko eskaintza

Txirikordaren inaugurazioa ahalbidetuko du udalak 65 urtetik gorako helduentzat gordeta eta hutsik dauden hiru etxebizitzetan bizitzeko aukera eskaintzeko. Hilabeteko epea izango da horretarako, maiatzaren 9tik ekainaren 10era arte, biak barne: interesa dutenek udaleko erregistroan egin beharko dute eskaera. Ondoren, udaleko gizarte zerbitzuen sailak helduen etxebizitzak esleitzeko prozedurari jarraituko dio, alegia, baremazio bidezko puntuazioa gauzatzeari.

Txirikorda, Usurbilgo zaintza ekosistemaren parte

Solaberrietak azaldu duenez, Txirikorda herrian gorpuzten ari den zaintza ekosistemaren barruan kokatzen den proiektua da: “Txirikorda komunitatean elkar zaintzeko aukera ematen digun proiektua da, zaintzak ikuspegi prebentibotik lantzen dituena”. Solaberrietaren esanetan, Txirikordako bizilagun helduenek, uneren batean, ezin badute bertan bizitzen jarraitu dituzten zaintza beharrengatik, aukera emango zaie, nahi izanez gero, Egurtzegin bizitzen jarraitzeko, alegia, Txirikordatik 100 metro ingurura Matiak kudeatzen duen zaintzadun etxebizitzen auzunean.

Txirikorda: mugarriak

  • 2019 urtarrila-maiatza: parte-hartze prozesua.
    • Udalak ekipamendu bat eskuratu zuen Ugartondoko garapen urbanistiko berrian, eta ekipamendu hori zertarako erabili erabakitzeko behar sozialen azterketa egin zuen: elkarren osagarri izan zitezkeen bi behar identifikatu zituen, alegia, gazteen emantzipazioa errazteko beharra eta adinekoen bakardadeari aurre egin eta bizitoki egoki batean bizitzeko beharra.
  • Pandemia / geldialdi orokorra.
  • 2021-2022: Ugartondoko urbanizazioaren lanak bizkortu.
  • 2022ko irailak 23 eta 24: Txirikorda jardunaldiak egin genituen, etxebizitza komunitarioen eta belaunaldi arteko esperientziak ezagutzeko.
  • 2022ko urriaren 27a: Txirikordarekin lotutako lehenengo ordenantza onartu zen, osoko bilkuran: kolektibo bakoitzak Txirikordan bizitzeko zein baldintza bete behar zituen zehaztu zuten, baita etxebizitzetarako sarbidea ere (gazteen kasuan, zozketaz; adinekoen kasuan, gizarte zerbitzuek egindako baremazio bidez).
  • 2023ko maiatzak 18a: gazteen etxebizitzak esleitzeko zozketa egin zen; helduenak, baremazio bidez esleitu ziren pare bat egun lehenago.
  • 2023ko urriaren 26a: urtebete lehenago onartutako lehenengo ordenantza egokitzea onartu zuten, osoko bilkuran, esleipendunek zenbait hilabetez egindako saioetan adostutako elkarbizitza arauak txertatzeko. Modu horretara, Txirikordari lotutako arau guztiak ordenantza bakarrean jasota gelditu ziren. Erabakia GAOn argitaratuta, jendaurrean jarri zuten.
  • 2024ko urtarrilaren 4a: ordenantza behin betiko onartuta gelditu dela iragarri zen GAOn, alegaziorik ez zelako izan tarte horretan.

Elkarrizketak, irratietan, Txirikordaren harira:

Euskadi Irratian: entzun.

Radio Euskadin: entzun.

Onda Vascan: entzun.

RNEn: entzun.