Publicador de contenidos
Atrás Ostegunean irekiko da behin-behineko ikasgela, DYAren lokalean
30·04·2024
Behin-behineko ikasgela irekiko da, berriz ere, DYAren Munalurrako lokalean: ostegunean, maiatzaren 2an, irekiko dute. Udalak ikasgela irekitzen duen bigarren aldia izango da, eta, oraingoan, egun bat gehiago irekitzeaz gain, ordutegi zabalagoa izango du: astelehenetik igandera irekiko da, 08:00etatik 22:00etara. Hamasei lagunentzako lekua du.
Ikasgela irekitzen den bigarren aldia izango da. Lehenengoaren ostean, 2024ko urtarril amaieran, erabiltzaileek gelaren balorazio positiboa egin zuten. Hobetzeko proposamenen artean, hain zuzen ere, gela igandeetan ere irekitzeko aukera aipatu zuten, besteak beste.
Sutegi liburutegian bada ikasteko espazioa, baina hainbat erabiltzailek ohartarazi izan dute ez dela egokia. Arazo hori bideratzeko proiektua idatzia du udalak, eta bitan argitaratu du lizitazioa: bi aldietan, ordea, hutsik gelditu da. Ikasgela egoki baten beharrak bultzatuta, DYArekin hitz egin eta haiek erabiltzen duten lokala urtean bitan behin-behineko ikasgela gisa erabiltzea adostu zuten udazkenean, eta iazko abenduan erabili zuten lokal hori ikasgela gisa lehenengo aldiz.