Publicador de contenidos

Atrás Jose Luis Zumeta eta bere jaioterriaren lotura, ‘Zumetaren Usurbil’ erakusketan

Zumetaren muralaren 50. urteurrenaren ospakizun egitaraua erakusketarekin amaituko da: apirilaren 12tik 28ra izango da ikusgai, Sutegiko erakusketa gelan. Erakusketa Usoa Zumetaren azalpenekin bisitatzeko aukera izango da, hiru egunetan.

22·03·2024


Jose Luis Zumeta eta bere jaioterria lotuko ditu Zumetaren Usurbil erakusketak, apirilaren 12tik 28ra, Sutegiko erakusketa gelan. Erakusketa honekin amaituko da Zumetaren muralaren 50. urteurreneko ospakizun egitaraua. Erakusketa Usoa Zumetaren azalpenekin ezagutzeko aukera emango dute, gainera, hiru egunetan: apirilaren 14an, 20an eta 28an.

Zumeta 1973an hasi zen Usurbilgo murala egiten, udalaren enkarguz, eta 1974an amaitu zuen, apirilean: aurten bete dira, beraz, 50 urte murala bukatu zuenetik. Gaur aurkeztutako erakusketa, hasieran, iaz egitea aurreikusi bazen ere, urteurrena borobildu nahi izan dute, hilabete batzuk atzeratuta: muralaren eraikitze lanen amaieraren 50. urteurrenarekin bat egingo du erakusketak, 2024ko apirilean, eta amaiera emango die, aldi berean, 50. urteurreneko ospakizunei.

Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkatearen esanetan, Usurbilek eta Zumetak “binomio banaezina” osatzen dute: “Usurbil ezin da ulertu Zumeta gabe, ezta Zumeta Usurbil gabe ere, eta erakusketa honek, hain justu, hori islatuko du: Zumetaren obran Usurbilek eta usurbildarrek izan duten tokia”.

Usoa Zumetak, artistaren alaba, serigrafia-egile eta Zumeta Arte Estudioaren arduradunak, hala laburtu du Zumetaren Usurbil erakusketa: “Artistaren ia ibilbide osoa hartzen duen pieza sorta bat da, 1960tik 2018ra artekoa: denak obra figuratiboak izanik, Zumetaren alderdirik garrantzitsuenetako eta ezezagunenetako batera hurbiltzeko beta ematen digu”. Kontatu duenez, obrarik zaharrena, 1960koa, Joxean Artzeren erretratu bat da, biek 20 urte zituztenean egindakoa.

Zumetaren esanetan, pieza bakoitzak diziplina jakin batez hitz egiteko aitzakia emango die. Azaldu duenez, iazko erakusketarako ikerketa egiten hasi zenean, hainbat ezusteko hartu zituen: “Esaterako, Zumeta dezente ibili zen kartelgintzan, baina ez nuen uste Usurbili lotutako sei kartel topatuko genituenik: eta nork daki, beharbada, gehiago ere topatuko ditugu aurrerago”. Batzuk herriko festetarako egindako kartelak dira, eta beste bat, Usurbil herri izendatu zuteneko 600. urteurrenaren ingurukoa. Hori guztia jasoko duen katalogoa prestatzen ari da Zumeta: maketatzen ari dira, erakusketarako prest izateko.

Bisita gidatuak.

Ines Azpiazu 650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren dinamizatzaileak azaldu duenez, Usurbil Museo Irekia dute izena eskaintzen dituen bisita gidatuek, hain zuzen ere, Usurbilgo kaleetan murgiltzen denak hamaika artelan ezagutzeko aukera duelako, hormarik gabeko museo baten gisan: Zumetaz gain, Remigio Mendiburu, Irantzu Lekue, Judas Arrieta edo Ainara Azpiazu Axpi, eta abar. Zumetaren Usurbil erakusketak iraun bitartean, Usurbil Museo Irekia bisita gidatua egin eta erakusketa Usoa Zumetarekin batera bisitatzeko aukera izango da: hark azalduko dizkie bisitariei artelanen inguruko datu eta istorioak. Hona bisiten xehetasunak:

Egunak: apirilaren 14an, 20an eta 28an.

Ordua: 12:00etatik 13:30era.

Abiapuntua: Sutegi udal-liburutegia.

Gehienezko bisitari kopurua: 14 lagun.

Izen-ematea (derrigorrezkoa da): 650usurbilbizi.eus/agenda webgunean.

Hizkuntza: euskara.

Prezioa: 3 euro (18 urtez azpikoek, doan).

Ospakizunerako “egitarau mardula”

Solaberrietak azken urtebetean muralaren 50. urteurrena ospatzeko osatutako “egitarau mardula” nabarmendu du, herriko hainbat eragileren arteko lankidetzari esker, nagusiki, Zumeta Arte Estudioarekin batera: “Usurbilgo irudirik ikonikoenetako bat eta ikusgarrienetako bat da murala, eta Euskal Herriko artelan esanguratsuenen artean leku propioa izatea nahiko genuke. Eta helburu horrekin, hain justu, egitarau oso zabala osatu genuen”.

Ospakizunak muralaren kontserbazio lanekin hasi ziren: halako lanetan aditua den Artyco enpresak egin zituen. Bukatu eta berehala iritsi ziren muralaren sortze prozesua ezagutarazteko egindako erakusketa eta argitalpena, Oskar Alegriaren “Zumeta 23” film laburra, herriko kultur eragile ugari biltzen dituen Kulturguneak antolatutako Xumetik herri jaialdia, eta, orain, azkenik, Zumetaren eta Usurbilen arteko lotura plastikoa islatzen duen erakusketa. Urteurrenaren harira, 650 Usurbil Bizi eta Chillida Lekuren arteko elkarlana ere bultzatu dute, bien obrak bisita gidatu berean ezagutaraziz: bihar bertan egingo dute bigarren bisita gidatua.